Neurria ekainaren lehenean ezartzekoa zen indarrean Lapurdiko 27 hiri eta herri nagusienetan. Haatik, Frantziako legebiltzarrean araua geldiaraztea erdietsi dute Errepublikanoek eta Batasun Nazionalak.
ZFE emisio gutxiko eremua ezartzeko prozedura behin-behinean etetea erabaki zuen Euskal Hirigune Elkargoak larunbateko osoko bilkuran. Parisen momentuz legea gelditua da Batasun Nazionalak Pariseko legebiltzarreko batzordean aurkeztu emendakin baten ondorioz. Errepublikanoek bat egin dute eskuin muturrarekin, emisio gutxiko eremua izendatzeko prozedura kinka larrian utziz. Jean François Irigoien, Ipar Euskal Herriko mugikortasun sindikatuaren presidenteak azaldu duenez Hirigune Elkargoak ezin luke deus trenkatu Parisek gibelera egitea erabaki badu. Elkargoko hautetsiek otsaileko bilkuran erabaki zuten ekainaren lehenean sartuko zela indarrean emisio gutxiko eremua, Lapurdiko 27 hiri eta herritan.