Enpresa berriak laguntzeko gaitasun handiagoa lortu nahi du Herrikoak

Herrikoa kapital inbertsio funtsak Biltzar Nagusia egin du, eta sortzen diren ekimen eta enpresak laguntzeko zailtasunak azpimarratu dituzte. Azken urtean 700.000 euro inbertitu ditu funtsak, hamabost enpresatan.

Enpresa berriak laguntzeko gaitasun handiagoa lortu nahi du Herrikoak
5.000 akziodun baina gehiago ditu Herrikoa inbertsio funts solidarioak. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2025/12/23 08:43

Iazko Biltzar Nagusia baina giro lasaiagoan iragan da aurtengoa. Abenduaren 19an Maulen bildu ziren Ipar Euskal Herriko kapital inbertsio funts solidarioko akziodunak, eta urtearen bilana egiteaz gain heldu diren urteari begirako helburuak era finkatu zituzten. Giroa tentsua zen, hilabete lehenago ehun bat akziodun "txikik" Herrikolektiboa elkartea sortu baitzuten, funtsaren norabidea aldatu nahian. Herrikoa lurraldeko enpresa txikien beharrengandik urrundu dela salatzen dute hauek, eta ekimen berriengana hurbiltzeko borondate eta arnas berri bat galdegiten.

Herrikolektiboaren arranguren artean da 2024an Herrikoak egin zuen inbertsio eskasa: 80.000 euro bertzerik ez zituzten eman, bost enpresari. Aurten, egoera bertze bat izan da: Biltzar Nagusian aurkeztu zutenez, 700.000 euro inbertitu dira azken hamabi hilabeteetan, hamabost enpresaren mesedetan. Norabide aldaketa bat, baina aldaketa finkatzea nahi luke Hervé Tepok, akziodun txikiak "haboro entzunak izatea" nahi du. Erabakiak "lau eskuen artean" hartzea "ez da sano" Teporen hitzetan, eta hala "gobernantza eredu partekatu" bati buruz joan nahi lukete Herrikolektiboan bildutakoek.

Bere aldetik, Herrikoaren zaintza batzoreko kide den Leire Loyathok dio gobernantzan aldaketak egiteko prest direla, eta hain zuzen ere aldaketa horietan dela heldu diren hilabeteetan zuzendari berria izendatzea. Hala ere, urtea "ona" izan dela argi du Loyathok, eta erronketan izanen dela komunikazio plan bat egitea ere. Biltzar Nagusian ados agertu baitziren enpresa berriengana iristeko Herrikoak dituen zailtasunez, eta hartaz, ekimen berriek Herrikoa ezagutu behar dutela erabaki zuten.

Herrikoa enpresak dio 4.600 enplegu sortzen edo mantentzen lagundu duela Ipar Euskal Herrian azken 22 urteetan. 5.000 akziodun baina gehiago ditu Herrikoak.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu