Goiz honetan hasi da bere auzia. Irudi pedopornografikoak edukitzea eta adingabeei sexu abusuak egin izana leporatzen diote Eric Olhats-i. Aviron Bayonnais futbol klubean entrenatu zituen sei gazte ohik salaketa egin dute bere aurka.
Goiz honetan hasi da Eric Olhats futbol ikuskatzaile ohiaren epaiketa adingabeen kontra egin sexu-erasoengatik eta irudi pedopornografikoak edukitzeagatik. Fermuki ukatu ditu akusazio guztiak. Epaileak izan diren lekukotasunak azaltzen ditu akusatuari. Horiek diote Biarneseko Rivehauten egin den ikastaro batean Eric Olhatsek zenbait aldiz masturbatu dituela, film pornografikoak erakutsi dituela gazteei eta eraso sexual fisikoak izan direla. Epaileak aipatu du omen entrenatzaile ohiak usu hunkitzen zituela gazteak eta haiekin biziki zorrotza zela bere jarreran. Akusatuak erantzun dio ez zela hala, formalki ukatu ditu akusazioak adieraziz absurdoa dela.
Instrukzioan aurkitu ziren telefonoaren barneko argazki eta mezu susmagarriei buruz galdekatu dute: telefonoan masturbatzen ziren gazte biluzien irudiak aurkitu dituzte eta ferekak aipatzen zituzten mezuak. Olhatsek “interpretazio kontua” dela erantzun du bere burua defendatzeko. Zenbait biktimek haien lekukotasunak eman dituzte epaitegian. Jasan zituzten eraso sexualak azaldu dituzte, batez ere Eric Olhatsek ferekatzen zituela, biluzik ematea galdegin ziela edota masturbatu zituela. Aipatu da ere akusatzailea usu gazteen etxera jiten zela. Lekukotasunen arabera, erasoak usu futbolari gazteen etxean edota futbol ikastaroetan gertatzen ziren.
2019ko azaroan bidalitako gutun anonimo batek salatu zituen lehen gertaerak, eta geroztik haur zirelarik entrenatu zituen sei pertsonek egin zuten salaketa. Salatu dutenen arabera kasu gehienak 1997 eta 2002 artean gertatu ziren, eta, 2021 eta 2022 artean berriro kasuak izan dira. Biktimek adierazi dute entrenatzaileak ukitu desegokiak egin zizkiela, film pornografikoak erakutsi, eta mezu desegokiak bidali zizkiela. Jokalarien arabera, Olhatsek hainbat haur hartu izan zituen bere etxean garai hartan, baina frantziar internazionalak berretsi du ez zuela ezer antzeman.
Futbol entrenatzaile ohia 1990eko hamarkadan hasi zen haur eta gazteekin lanean Aviron Bayonnais klubaren baitan. Futbolaren munduan, Olhats ezaguna da berak deskubritu zuelako Antoine Griezmann futbolaria. Antoine Griezmann bera ere entzuna izan da ikerketan, baina ez du inolako gertakaririk salatu.
Olhats 2022an espetxeratu zuten lehen aldiz, baina 2023an askatu zuten kontrol judizialpean. Hala ere, iaz berriro atxilotu zuten, debekatua zuen futbol zelai baten inguruan ibili zelako. Gaur futbol trebatzaile ohiak hamar urteko kartzela zigorra eta 150 000 euroko isuna arriskatzen ditu.