Ekainaren 10tik 13ra iraganen da festibala, Donibane Garazi eta Lasa artean, Xofaldia elkarteak eta Garaziko Gaga gaztetxeak antolaturik. "Harremanak sendotuz zauriak sendatu" nahi dute eramaileek, dolua elgarrekin aipatzeko eta bizitzeko.
Lehen edizioa antolatu zen Lasako Leire Iribarne-n heriotzaren ondotik ; familia, lagun, hurbilekoek eta harritarrek bazuten doluaren inguruan elgarrekin izaiteko beharra, doluaren bizitzeko eta aipatzeko beharra. Eta lehen ediziotik hunarat, loturak festibala elikatuz joan dira, espazio kolektibo bat sortuz elgarrekin eta beldurrik gabe dolua begiratzeko eta bizitzeko.
Festibalaren izenak berak dena adierazten du: Loturak harremanen atxikitzeko eta sustatzeko, doluak ekartzen ahal duen isolamendutik ateratzeko; bainan zaurien gainean pausatzen den lotura (“panzamendua”) ere zauria eztitzeko. Loturak: Harremanak sendotuz zauriak sendatu.
Aurten erlea hartu dute hari gorri gisa bostgarren festibal huntan. Erleak Euskal Herriko heriotz erritualetan baitu bere inportantzia. Etxeko erleak abisatzen ziren heriotza gertatzen zelarik, ezkoa egiteko. Eta herioaren laguntzeko, ezkoa edo argizaiola pizten zen.
Ekainaren 10an, zine gaualdia Donibane Garaziko Vauban zine gelan, hiru film hedapenekin: Guretako eztia Maia Iribarne eta Violette Bellet hamat bat gaztetxoekin egin atelierretik ekoiztu duten film laburra. Eta hortarako izan dira Martxel Aizpurua erlezain eta ikerlariaren ikustera, baita Jeannot Agorre Barkoxtarraren ganat. Ondotik Aitor Gametxoren Geratzen den hori filma, bere amaren heriotzaz egin duen film laburra, dolua eta eritasuna, zaintza eta transmisioaz ari dena. Eta Erreplika filma hau Pello Gutierrez-ek egina, hutsuneetaz ari dena.
Ekainaren 11an kontzertuak iraganen dira Donibane Garazin, GAGA kantuz, Habia taldea eta GIGIGI Okzitaniako Tolosatik heldu dena.
Ekainaren 12an erleen afaria izanen da. Gaualdi arras berezia pentsatua da, konzeptu berri bat, gustua, entzumena eta begirada pizten dituena. Hiru parte izanen dira, elgarrekin nigar egin, elgarrekin amets egin, eta elgarrekin otoiztu, gorputz eta gogoak goxatzeko pentsatua. Erle ekoizpenek ukanen dute bixtan dena leku bat platetan. Bainan emanen diren kantu eta musiketan ere. Euskal herriko heriotz erritualetan etxeko nagusia hiltzen zelarik, erleak abisatzen diren ezkoa egin zezaten. Xiberuan eta Amikuzen erleer kantatzen zizkieten bertsu xahar batzu atxeman dituzte Loturak festibaleko antolatzaileek, musikatu dituztenak. Bertsu hauek kantu bidez ere emanak izanen dira erleen afari hortan.
Erleek ezkoa hila argiruntz gidatzeko, eta eztia gelditzen direnentzat, eztia guretako, eztitasun goxotasun hori atxemaiteko denen arteko ekainaren 12ko apairu hortan... Leku batzu oraino gelditzen dira, erreserbatzeko deitu 06 24 18 16 19rat.
Ekainaren 13an ibilaldi kantatua Lasako plazatik Munhoa tontorrera, Iñaxi Garate erlezaina eta Beñat Iribarne xorien adituarekin.