Errepresio juridikoa, prefetaren tresna berria ikasleen mobilizazioei aurre egiteko

Pirinio Atlantikoetako prefetak jarritako lizeoen aitzinetako elkarretaratzearen debekua ilegala zela jakinarazi zuen urriaren 5eko goizean Paueko auzitegiak. Arratsean berean, eta hori jakin arren, debekua berriz plantatzea erabaki zuen prefetak.

Errepresio juridikoa, prefetaren tresna berria ikasleen mobilizazioei aurre egiteko
Debekua indarrean izan arren, Baionako ikasleak karriketan elkartu dira gaur. EUSKAL IRRATIAK
Xarlot Etxeberri
2026/10/06 15:33

Pirinio Atlantikoetako prefetak legea zapaltzea erabaki du, berriz ere. Iduri du ikasleen mobilizazioaren baitan gertatutako errepresioak ez duela mugarik, azken egun horietan. Atzo, urrairen 5ean, Simon Fetet prefetak emandako lizeoen aitzinetako elkarretaratzearen debekuaren kontrako errekurtsoa jarri zuten Ipar Euskal Herriko hainbat egiturak. Paueko auzitegiak erabaki horren ilegaltasuna azpimarratu zuen, eta arrazoin eman zien ikasleen defendatzaileei : prefetak ezin zuen holako erabakirik hartu. Zer inporta du ? Atzo arratsean, epaileen deliberoa errezibitu baino oren batzuk berantago, Simon Fetet-k erabaki berdina berretsi du, ilegala zela jakin arren. Frantziako abokatuen sindikatuak prefetaren jarrera salatu du goiz honetan.

Joan den astean, ikasleen mobilizazioa hasi zelarik, prefetura hainbat erabaki hartzen hasi zen jadanik: dronen igortzea, arma handien eramaiteko debekua eta azkenean elkarretaratzeen debekatzea lizeoetan. Ostegunean eta ebiakoitzean Simon Fetet Prefetak jarri zuen lizeoetako elkarretaratzeen debeku horren aurka errekurtso bat egin zuten hainbat erakundek : SAF abokatu sindikatua, LDH, LAB, CGT éductaion, FSU, FO, eta Syndicat SUD, lizeoko ikasle era erakasle batzueri batuz. Audientzia astelehen honetan iragan zen Paueko auzitegi administratiboan, eta auzitegiak erakundeei arrazoin eman zien : erabakia ez zen legala. Hori dela eta, gibelera bota du Paueko auzitegiak.

Alabaina, oren batzuk berantago, barda, prefetak erabaki berdina hartu zuen, berriz ere. Hori dela eta, 24 orenez, goiz honetako 6:00etatik asteazkeneko 6:00etara, lizeoetako elkarretaratzeen debekua berretsi du. Simon Feten Pirinio Atlantikoetako prefetaren gisan, Frantziako prefeta anitz ber teknika erabiltzen ari dira, Ilazki Ortego Baionako abokatuak azaldu digun bezala. Bere erranetan, teknika hau “errepresio mota berezi” bat da. Izan ere, debekua 24 orenentzat eman duenez, ez da denborarik abokatuek errekurtsorik jartzeko, ez eta epaileak erabaki baten hartzeko.


Errepresio ikusezina

Ilazki Ortegoren ikuspundutik, erabaki labur horien jartzea teknika argia da: errepresio juridikoa. Prefetak egunero holako erabaki frango hartzen dituen garai hauetan, “estatu deretsuaren eta demokraziaren zapalkuntza” dela dio, manera bat epaileen erabakia ez kontutan hartzeko. Horrez gain, “errepresio ikusezina” da hau, poliziala eta penalaz gain, akusazioak penalera eramaiteko asmoz. Abokatuak argi du, “mugimenduari errepresio handiagoa emaitea da helburua”.

“Mugimenduari errepresio handiagoa emaitea da helburua”

 Ilazki Ortego, abokatua


Errepresio mailaren gorakada

Erabaki horiek, errepresio mota bat beste anitzen artean. Mugimenduaren hastapenetik, hainbat poliziaren gehiegikeria salatuak izan dira Ipar Euskal Herrian zein Frantzian. Poliziaren bortizkerien azaltzeko, “proportzionaltasun nozioa” goraipatzen Laurent Nuñez Barneko ministroak. Granadak, negar gasak, matoak, kateatzea... Ilazki Ortegoren arabera, ikasleen lekukotasunak “ikaragarriak” eta “larriak” izan dira azken egun horietan, eta ez da “inongo proportzionaltasunik” emaiten diren erantzunei begira. Haur batzuen kontrako portaera horiek arazo biziki larria sortzen dutela erran digu abokatuak. Baina harritua ote da Ilazki Ortego ? Ez. “Bada bulta bat orain, errepresioa handitzen ari dela ikusten dugula”.

Interesgarri izanen zaizu