4,5 hektareako baratzea eraikitzen dute Ilbarritz auzoan, Bidarteko eta Miarritzeko eskola, haurtzaindegi eta zahar-etxeetako jateetxeak elikatzeko. Aldaketa klimatikoei aurre egiteko, uraren kudeaketa iraunkorra izanen da euri ura berreskuratuz.
Erroberri 4,5 hektareatako baratzea eraikitzen dute Bidarteko Ilbarritz auzoan. Urtean 25 tona barazki biologiko ekoiztuko dituzte, Bidarteko eta Miarritzeko eskola, haurtzaindegi eta zahar-etxeetako jateetxeak elikatzeko. Bi herrietako sukaldeen beharren %80 estali behar lukete.
2027rako espero dituzte lehen uztak. Sukaldatzeko manera aldatuko du horrek, sasoiak bortxaz errespetatuak izanen dira eta, astez aste, menuak eginen dira baratzeak emandako barazkien arabera.
Erroberri proiektuak eredugarri izan nahi du. Oraindik baratzezainak hautatu ez badituzte ere, hautagaiak badituzte. Langileak ez dira hor bertan biziko baina, atseden-gela eta dutxak ukanen dituzte baldintza egokietan lan egiteko.
Ura eta aldaketa klimatikoa
Aldaketa klimatikoei aurre egiteko, baratzeak uraren kudeaketa iraunkorra ukanen du: 1.500 m³-ko ur-biltegiari esker. Denbora horietako bero handiek erakutsi dute uraren kudeantza berriak ezinbestekoak direla. Ondorioz, ur-biltegi honi esker, hiru hilabetez autonomoak izanen dira euririk egin gabe. Barazkiak garbitzeko ere euri ura erabiliko dute. Eraikinean eguzki-panelak ere ezarriko dituzte.