Piarres Lartzabal Kolegioko erakasleek 3.eko ikasleekin Errobi taldeari buruzko lan bat eraman dute eta proiektu pedagogiko horri bukaera markatzeko Errobi taldeko Mixel Ducau eta Anje Duhalde gomitatu dituzte.
Piarres Lartzabal Kolegioko erakasleek proiektu pedagogiko bat landu dute hirugarrenekin euskara eta Euskal Herriko rockari buruz garaiko testuingurua lantzeko. Gai horien tratatzeko, Errobi taldea hartu dute ilustrazio gisa. Gelan Errobi taldearen kantu ezberdinak eta testuak landu dituzte eta taldeko kideen bizi ibilbidea ere ikasi dute. Ostegunean beraz, ziklo horren bukaera markatzeko, Errobi taldeko Mixel Ducau eta Anje Duhalde kideak gomitatu dituzte kolegiora haiekin hitz egiteko gisan.
IDZko hegan bildu dira 60 bat ikasle Errobiko bi kantarien aitzinean, aitzinetik prestatuak zituzten galdera batzu pausatu dituzte. Nola sortu duzue taldea? Zendako zaila zen euskaraz kantatzea? Zoin da zuen oroitzapen gustukoena? Gaur egungo talderik entzuten duzue eta zoin? Galderetaz gain, musikak ere bere tartea ukan du, eta bukaeran, ikasleek idatzi dituzten olerkiak ere irakurri dira. Partekatze on batekin, proiektu pedagogiko hau burutu dute bai irakasleek, bai ikasleek eta baita ere Errobi taldeko kideek.
Formatu gisa hau interesgarria dela aipatu du Iker Altuna euskarako erakasleak eta beste urteetan ere horrelako proiektu pedagogiko baten egiteko xedea badutela ere gehitu du.k