Errobiko festibala: 30 urte erresistentziaren eta aniztasunaren alde

Errobiko festibalaren 30. edizioa uztailaren 22tik 26ra iraganen da, Itsasun. Iturrietara itzultzeko borondateaz gain, begiradak ortzimugetarantz luzatu dituzte antolatzaileek, mundu guziko artistak ekarriz.

Errobiko festibala: 30 urte erresistentziaren eta aniztasunaren alde
Aurtengo Errobiko festibala aurkeztu dute Itsasun. EUSKAL IRRATIAK.
Nahia Etxeberri Lopepe
2026/07/07 11:30

Artearen bidezko erresistentzia

Aurten ere, Itsasu kulturaz beztituko da uztailaren 22tik 26ra. Mundu guzitik heldu diren dantzariak, kantariak eta musikariak agertuko dira Errobiko festibalean, eta bost egunez zorroztasunez eta onginahiz ariko dira beren artea partekatzen. Julen Achiary antolatzaileak esplikatu duenez, aurten festibalak iturrietara itzultzeko gogoa du, azken 30 urteetan bere esentzia egin duen guzia berriz hartuz eta indartuz. Hala ere, ortzimugetara so egitea inportantea gelditzen da. Horren haritik, Brasilgo, Indonesiako, Georgiako edo Ipar Ameriketako estiloak inkarnatzen dituzten artistak entzungai izanen dira kontzertu eta ikusgarri desberdinetan.

Sortu denetik, Errobiko festibalak kultura aniztasuna aldarrikatzen du. Julen Achiaryren iritziz, hizkuntza eta kultura gutxituek iturri guzietaz aberastu behar dute, horrek baitie bizirauteko eta borrokatzeko indarra emaiten. Artea erresistentzia tresna gisa ulertzen du, alde batetik Itsasuk sinbolikoki abertzaletasunaren leku inportantea delako, eta bestetik, idazle eta poeta ospetsuen eleak lagun “sorkuntza erresistentzia delako, eta erresistentzia sorkuntza” (Stéphane Hessel). Munduan kultura uniformizatzen ari den garaian, aniztasuna bera erresistentzia egitea da.

Programazio aberatsa

Festibalari hasiera emanen dako Georgiar tradizioko Supra afari batek. Mahai inguruan besta egiteko parada izanen da, 30. Urtebetetzearen ospatzeko. Apairu bereziaz eta Bulgariako, Georgiako eta Euskal Herriko kantuez gain, Pedro Soler gitaristari omenaldia eginen zako, eta baita festibala sortu zuten guzier ere.

Ondoko egunetako programazioa Errobiko festibalaren webgunean duzue ikusgai. Musika estilo ainitzetako ikusgarri eta kontzertu desberdinek dirdirka ezarriko dute Itsasu.

Baina ikusgarriez aparte, solasaldientzat ere tarteak izanen dira programazioan. Arratsalde guziz eztabaida edo gogoeta desberdinetan parte hartzeko aukera izanen da. Uztailaren 23ko estreinaldia euskal irratiek zuzenean hedatuko dute, eta ondoko egunetako solasaldiak ere podcast moduan entzungai izanen dira euskal irratien webgunean.

Euskal Herriko artistak

Euskal Herritik ere zonbait artistak emanen dituzte beren ikusgarriak. Ibawa dantza kolektiboak Gaua sorkuntza berria aurre estreinatuko du uztailaren 24ean, Euskal Herriko sorginen eta emazteen historia eta bizipenak ardatz harturik. Iraganetik abiatuz, emazteen lekua eta mugitzearen askatasuna bezalako gaiak jorratzen ditu. Areto, festibal eta lehiaketa ainitzetan parte hartu eta, ikusgarria luzatu du kolektiboak, eta Adelaide Daraspe arduraduna biziki kontent agertu da Errobiko festibalean estreinatzeaz, balore berdinak dituztela dakielako.

Horrez gain, duela urte bat sortutako Ehundu kolektiboak polifoniaren munduan  murgilaldi bat proposatuko dauku. Hamar bat kantarik osatzen dute, eta horien parte da Bixente Etxegarai. Xiberotar errepertorioko kantuak Georgiako teknikekin nahasten dituzte, sorkuntza berriak helburu. Festibaleko gau bakotxean kantu baten bidez harrera eginen diete oholtzako artistei.

Kultura gose batetik heldu den festibala

Duela 30 urte sortu zen Errobiko festibala, behar edo gose kultural bati erantzuteko helburuarekin. Sortzaileen buru izan dira Beñat Achiary eta Maite Etchamendy zena. Beñat Achiaryk kondatu duenez, kontsumitzen den festibal baten ordez, abentura leku bat zuten sortu nahi. Orain Julen semeak hartu du segida, baina Beñat Achiaryk ez du tristuraz ikusten lekuko aldaketa. Mirespenez ikusten du Errobiko festibala bilakatzen ari dena, eta ez du dudarik bideak segituko duela.

Interesgarri izanen zaizu