Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioko irakaslea zigortu dute lau lankideri sexu jazarpena egiteagatik, konfiantza abusuengatik eta datu ebasketagatik. Ezingo du hurbildu biktimengana. Hala ere, irakasle izaten segitzen ahalko du.
Baionako auzitegiak Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioko irakasle bat kondenatu du hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra betetzera, gibelapenarekin, hots, beste delitu bat burutzen badu espetxe zigorra bete beharko du. Lau lankideri sexu jazarpenak egiteagatik, konfiantza abusuengatik eta datu numerikoen ebasketagatik kondenatu du Baionako auzitegiak.
Parte zibilek jokabide zehatzak leporatu dizkiote. Hala nola, lankideei beren sexualitateaz galdekatzea, beren sorbaldak eta hankak hunkitzea, datu informatikoak baimenik gabe eskuratzea erranez materiala konponduko duela edo filmak gehituko dituela. Horrez gain lankideen argazkiak aldatzea adimen artifizialaren bidez argazki sexualizatuak bilakarazteko, edota, elkarrizketa sexualizatuak egin, biktimak deseroso sentiarazten zutenak.
Akusatua argudiatu du bere jokabideak umore edo elkarrizketa giroan eginak zirela, eta ez zela kontziente eraginaz. Ebasketa onartu du soilik, eta beste akusazioei uko egin die.
Baionako epaileak errudun deklaratu du irakaslea lau lankideren aurkako sexu jazarpenagatik, eta datu numerikoei doakionez, hiru lankideri konfiantza abusua egiteagatik eta laugarren biktimaren datuen ebasteagatik. Auzian, sexu erasoak leporatzen dituen lankidea ez da agertu. Ondorioz, elementu eskasagatik epaileak ez du kondenatu irakaslea horrentzat. Akusatuak hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra gibelapenarekin ukan du, jarraipen psikologikoa egin beharko du eta biktimetatik eta haien lantokietatik urrun egon. Bost urtez ezingo da hautagai izan. Hala ere, irakasle gisa segitzen ahalko du, auzitegiaren arabera ez delako frogatu ikasleekin gertakaririk izan denik.
Vincent Faget akusatuaren abokatuak adierazi du ez dutela helegitea eginen.