Estatuari 900.000 euro itzultzeko eskatu zion Euskal Hirigune Elkargoak Pausa harrera zentroari begira, haren eskumena dela argudiatuta. Baina Estatu Kontseiluak erabakia baliogabetu du. Elkargoak bere kexua adierazi du.
Etorkinei laguntzeko eta harrera egiteko ireki zuten Pausa, Baionan 2018an. Euskal Hirigune Elkargoak finantzatu zuen zentroa, baina Estatuari 900.000 euro itzultzeko eskatu zion, larrialdiko harrera Estatuaren eskumena dela argudiatuta. Lehen auzialdian, Pauen, galdu egin zuen Elkargoak; Bordeleko dei auzitegiak, aldiz, arrazoia eman zion.
Estatu Kontseiluaren ustez, Dei Auzitegiak zuzenbide akats bat egin zuen. Elkargoak libreki finantza dezake migratzaileen harrera, Estatuak huts egiten duela iruditzen bazaio; baina bere funts propioekin egin behar du: "Gizarte ekintzako komunitate eskumena borondatez baliatzen denez, Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoak eskumen hori baliatzean bere gain hartzea erabaki dituen gastuak ezin dira Estatuaren balizko hutsune batek zuzenean eragindako kalte gisa hartu" ebatzi du Estatu Kontseiluak.
Asteartean, Estatu Kontseiluak baliogabetu egin zuen Bordeleko erabakia: Estatuak ez du deus ordaindu beharko auzi honetan. Elkargoak bere kexua eta arrangura azaldu ditu, eta galdetu du zer ondorio izanen dituen erabakiak etorkizunean: "Beharrak oraindik ere hor dirauten honetan, epai honek ziurgabetasuna sortzen du engaiamendu hori epe luzera mantentzeko mobilizatu ahal izango diren baliabideen inguruan".