Estatuaren hutsuneak agerian utzi ditu Betharram aferak

Frantziako Asanbleako ikerketa batzordeak 318 orrialdeko txosten batean jaso ditu Notre-Dame de Bétharram ikastetxe katoliko pribatuan urteetan jazotako sexu-abusuei buruzko ondorioak. Parlamentariek Estatuaren utzikeria salatu dute.

Estatuaren hutsuneak agerian utzi ditu Betharram aferak
Frantziako Asanbleak argitara eman berri duen txosten batek Frantses estatuaren hutsuneak agerian uzten ditu. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/07/02 15:18

Frantziako Asanbleak argitara eman berri duen txosten batek argi eta garbi salatzen du: urte luzez, Estatuak ez ditu behar bezalako neurriak hartu haurrek eskolan jasandako bortxakerien aurrean. Ikerketa batzordeak 2024ko martxotik egindako lanaren ondoren kaleratutako dokumentuak 50 gomendio jasotzen ditu, eta kasu paradigmatikotzat aurkezten du Notre-Dame de Bétharram ikastetxe katoliko pribatua, Pirinio Atlantikoetan kokatua.

Bi diputatu izan dira txostenaren egile: Violette Spillebout (Ensemble) eta Paul Vannier (La France Insoumise). Azpimarratu dutenez, sexu-abusu horiek urte luzez iraun zuten eta Estatuaren kontrol falta nabarmena izan zen. Txostenak François Bayrouren ardura ere mahai gainean jarri du: Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidentea eta Hezkuntza ministro ohia zen garaian, ez zuen neurririk hartu, nahiz eta informatua izan zela susmatzeko elementuak badauden.

Haur askok ez zuten ezer esan beldurragatik edo entzunak ez zirelakoan. Hala ere, diputatuen esanetan, ezin da isiltasun horretan bakarrik oinarritu: helduen jarrerak, "konplize, arduragabe edo erosoak", sistemaren porrota erakusten du. Gainera, salatzen dute gertakari asko ez direla iraganeko kontuak: salaketa ugari 1990etik aurrerako gertaerei buruzkoak dira.

Bétharramez gain, beste hainbat kasu jaso dira txostenean: Riaumont-eko haurren herrixka (Pas-de-Calais) edo Pariseko Stanislas kolegioa, besteak beste. Batzordearen ustez, arazoa ez da salbuespen bat, sistema oso batean errotutako isiltasunaren eta kontrol faltaren emaitza baizik. Ikastetxe katolikoetan fenomenoa bereziki larri agertzen da, diziplina zorrotzaren eta "isiltasunaren legearen" ondorioz.

Diputatuek hainbat neurri proposatu dituzte, besteak beste: kalte-ordain eta laguntza funts bat biktimentzat; Signal Educ’ izeneko salaketa-zentro nazional independente bat sortzea; eta ikuskapen zorrotzagoak ezartzea ikastetxe pribatuetan, bost urtetik behin gutxienez.

Txostena ekainaren 25ean onartu zuen Asanbleako batzordeak, eta uztailaren 2an egin da publiko. Orain galdera da: gomendio horiek guztiak lege bihurtuko al dira? Bi diputatu egileek behintzat beren konpromisoa berretsi dute: “Isiltasuna ezin da gehiago izan aukera politikoa”.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu