Kolegioko sei ikasle hautatuak izan dira « Muskuilu » film laburraren bikoizketa egiteko aste batez Baionako Atalante zineman. Proiektuan helburu pedagogiko bat baldin bada, beste helburua da kalitate profesionalean bikoizketa egitea.
Atalante zinemaren lehen gelan, film bikoizketaren ariketa berezian trebatzen ari dira Estitxu Robles kolegioko sei ikasle Maryse Urruty aktorearekin eta Anize Amestoy soinu teknikariarekin. Astelehenetik, aste batez, frantsesez Moule frite deitzen den marrazki biziduna frantsesetik euskarara bikoizten dute. Euskaraz Muskuilu deitu dute film laburra.
Proiektua pedagogikoki interesgarria bada ikasleendako zinemaren mundua hobeki ezagutzeko. Ipar Euskal Herrian, kalitatezko bikoizketa egitea da bigarren helburua. Maryse Urruty antzerkilari eta proiektuan zuzendari artistikoak gazteen jokoan sinesgarritasuna ekartzeko aktore gazteak laguntzen ditu. Honi esker zailtasunak gainditzen dituzte ikasleek baita helduek ere.
Kalitate profesional baten lortzeko, helduen presentzia beharrezkoa dela diote proiektuaren eramaileek. Filman agertzen diren helduek ez dute haur edo gazte baten ahotsa ukan behar emaitza kalitatezkoa izateko.
Lehen proiekzio bat eginen dute kolegioaren aitzinean ekaina bukaeran eta helburua ondotik Kanaldude telebistan ikusgai izatea da.