Proiektuaren lehen fasean, 9 etxebizitzako lotizamendu bat eraikiko dute, eta Habitat Sud Atlantique egiturak ere 6 apartamentu sozial eraikiko ditu
Herritarrak eta bereziki gazteak herrian egon daitezen, hainbat lur saltzeko proiektua du Lekorneko herriak, etxebizitzak eraikitzeko.
Heiderreko landa izena du lotizamendu berriak. Zentrotik hurbil kokatua da, bertan biziko direnek herriko zerbitzuak eskuragarri ukan ditzaten. Egokitze lanak, ur-ekartzea, elektrizitatea, telekomunikazioak eta saneamendu kolektiboa kontuan hartzen ditu eta euri ur sarearen kudeaketa eta espazio publikoen antolaketa Herriak bere gain hartuko ditu.
Jean-Claude Errecart axuantarekin mintzatu gara, egitasmoa aurkeztu digu. 9 lur zati izanen dira eremu horretan, bakoitza 50 eta 95.000 euro artean saldua. 3 lur eremu jadanik erreserbatuak dira eta beste 6 gelditzen dira oraindik eskuragarri.
Horrez gain, HSA Habitat Sud Atlantique egiturak ere beste 6 apartamentu eginen ditu. T2 neurriko hiru apartamentu izanen dira eta beste hiru T3 neurrikoak. Alokairuan eskuratzen ahalko dituzte herritarrek.
Herriko etxearen nahia da, jendea eta bereziki gazteak herrian bizitzea, baina ohartzen dira zailtasunak dituztela gisa horretako proiektuak aitzina eramateko, ohiturak aldatu behar baitira. Jendeak, bakoitzak bere etxea nahi du, lur eremu batekin, eta ez da oraindik prest eremu txikiago batean elkarri datxezkion apartamenduetan bizitzeko. Deia luzatzen die beraz herriko etxeak interesa duten guztiei, haien xedea lehenbailehen adieraz dezaten, obrak 2027rako bururatu nahi bailituzkete.
Berantago ere, eremua hedatuko dute etxe gehiago eraikitzeko. Xehetasun guziak eta proiektuaren planoak atzemanen dituzue Lekorneko herriko etxearen webgunean edo herriko etxearekin harremanetan jarriz.