Herrian Bizik salatu du ez dela aski bizitegi sozial sortzen, etxebizitza galdeen kopurua emendatzen delarik Ipar Euskal Herrian. Herriko bozetan, hautagai guztiei engaiamenduak hartzeko eskatzen die eta erantzunak publikatuko dituztela gehitu dute.
Bere bilanean Herrian Bizi plataformak etxebizitza sozialen kopurua ttipiegia dela Ipar Euskal Herrian salatu du. 2023an, alokatzen diren 562 bizitegi sozial eraiki dira, finkatua zen helburua 800ekoa zelarik. Bizitegi sozialak behar direla, azpimarratzen dute, jakinez, pertsona batek eskuratzen duenean, ondoan badirela hamahiru galdegile, hots, hamahiru errefusa.
2021ean, 12.527 pertsonek galdegin zuten bizitegi sozial bat eta 1.524k eskuratu zuten bat. Hiru urte berantago, egoera larriagoa bihurtu zen: 2024an, 15.280k galdegin zuten etxebizitza sozial bat eta 1.219k ukan zuten bat, Herrian Bizi plataformaren arabera.
Hurrengo pausoak etxebizitza arloan
Azken hiru urteetan, aurrerapauso batzuk izan dira etxebizitza politikan, konpentsazio arauarekin etxebizitza turistikoen mugatzeko edota alokairuen mugatze legearekin.
Hala ere, egoera larria geratzen da, plataformaren iritziz. Ondorioz, bizitegi sozial gehiago sortzea eskatzen dute, bai eraikuntza berriekin, bai eraikinak berrituz eta berreraikiz. Bestalde, jabe batek hiru etxebizitza dituelarik etxebizitza bat sozialean sartzea nahi lukete, Miarritzen eta Bidarten arautua den gisa berean.
Herri hauteskundeei begira, hautagaien engaiamenduak publikatuko dituzte
Hautagaiei, sei arlotan antolatua den etxebizitza krisia geldiarazteko neurri zerrenda bat igorriko diete: etxebizitza soziala garatu, bigarren etxeak erregulatu, eraikuntza turistiko iraunkorrak mugatu, laborantza lurrak babestu, etxe hutsak erabili eta herrian bizitzeko eskubidea.
Otsaila bukaeran, Herrian Bizik lehen bilan bat herritarrei zabalduko du herri hauteskundeak aitzin eta bigarren bilan bat bi itzulien artean.