Seaskako lizeoko ikasleak Grenoblera joanen dira UNSS futbol txapelketaren Frantzia mailako finalen jokatzera. Diru biltze kanpainan ari dira bidaiaren gastuen pagatzeko.
Nazio mailako eskolako kirolaren elkarteko (UNSS) txapelketan sailkatu dira Bernat Etxepare lizeoko mutiko futbol taldekoak, lehenak eta terminalak. Departamenduko eta eskualdeko partidak irabazi ondotik, Grenoblera joanen dira martxoaren 31tik apirilaren 3ra Frantzia mailako txapelketaren jokatzera.
Taldekide gehienak beste futbol talde batzuetan ari dira, txapelketan parte hartzen duten beste lizeoak bezala funtsean. Berek ezberdintasuna laguntasunari eta talde kohesioari esker egiten dutela aipatzen dute, baita euskarak eta lizeoaren ordezkatzeak ematen diela motibazioa ere. Iaz, ez ziren departamenduko faseak baino urrunago joan baina aurten txapelketa hori "izigarri serioski" hartu dutela azpimarratu dute.
Diru biltze kanpaina
Orotarat 14 kide joanen dira, jokalari, ordezko eta irakasleak kontuan hartuz. Bidaiaren diruztatzeko 7000?-ko gastuak kalkulatu dituzte, autobusa eta bertako egonaldiaren artean. Dirua biltzeko jadanik leetchi kagnota bat abiatu dute Internet bidez, UNSS Etxepareren izenean. Bestalde, taldea babestu nahi duten enpresek Etxepare Lizeoarekin harremanetan jarri behar dute.