Irulegi (Baxe Nafarroa)

Euria behar dute mahastizainek, jadanik ekoizpenaren laurdena galdu ondotik

Mahastigintzan ere berote handiek kalte handiak eragin dituzte. Ur eskasarengatik, mahatsak ezin dira ondu eta urteko ekoizpenak zein mahatsondoen biziraupena zalantzan ezarria da. Aldaketa klimatikoari prestatzen hasten dira mahastizainak.

Euria behar dute mahastizainek, jadanik ekoizpenaren laurdena galdu ondotik
Irulegiko Arretxea etxaldeko mahastiek borte handien aztarnak atxikitzen dituzte. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2026/08/03 08:24

Euriak baizik ez luke mahastizainen sasoina salbatzen ahalko. Laborantzako beste sail guzietan bezala, berote handiek ez dituzte mahastiak gupidetsi. Erredurak hosto eta golkoak kaltetu baditu ere, arrangura nagusia ur eskasetik heldu da. Lur moten arabera, agorril hastapen honetan hainbat hosto marroi jadanik erori dira, usaian agorrileko hilabetean mahastizainek burutzen duten betebeharra. Aldiz, hostorik gabe, golkoen garapena blokatua da, estresa hidriko baten menpe, berdetzeko eta ontzeko ezintasunean.

Anartean, delibero erabakigarriak hartu behar dituzte mahastizainek. Zangoen salbatzeko, golko blokatuak diren golkoen eroraraztea erabakitzen ahal dute. Urteko mahatsa eta urteetako mahastien artean, kinka gaiztoa dute laborariek. Aterabide bakarra mahatsaren ontzeko eta biltzea posible izaiteko: ura. Euria itxoiten dute mahastizainek, geratzen den ekoizpenaren salbatzeko asmoz iraileko mahats biltzea gabe.

Dena den, ez da dudarik, mahats biltzea aitzinatu beharko dute aurten. Usaian irailaren bukaeran iragaiten bada sasoineko momentu garrantzitsu hau, aurten zaila izanen da itxoitea. Izan ere, Téo Riouspeyrous Irulegiko Arretxea etxaldeko mahastizainaren arabera, momentuz, jadanik %30ko galtzeak aurre ikusten dituzte haien etxaldean, uda hastapeneko beroteek eraginik. Nahiz eta zenbaki lodia izan, euririk gabe ondoko asteetan, larriago izaiten ahalko litzateke galtzea, eta salbatutakoa ahal bezain fite bildu beharko lukete.

2026 urteko arnoak beroteen oroimin zaporea ukan beharko luke. Nola ez, aroaren ondorioak arnoen ezagutzaileen ahoan beti senditzen direla dio erran zaharrak. Eta aurten ez litzateke zaila izan behar. Téo Riouspeyrousek dionez, usaian urte beroetan, alkohol eta estruktura gehiago senditzen da, samina guttiagorekin, arno bero bat emaiten duena. Berriz, aurten, beroa hain bortitza izan da, non golkoek taninoak eta gorak atxikitzen ahal dituen, desorekak eraginez gustu mailan.


“2026 urteko uda, geroko uda hotzena”

Ororen buru eta momentuan bereko arrangurak konponduta, aldaketa klimatikoari begira nola egokitu pentsatzen hasten dira ekoizleak, mahastien orientazioak aldatuz adibidez. Neguko arrangurak jadanik agerian ezarri zituen denborak. Negua epela izaiteaz gain, apirilean horma eta kalteak ukaiteko arriskuan ibiltzen dira maiz.

Baina aurtengo berote handiek arrangura berriak sortzen dituzte udari begira. Izan ere, orain arte kezka guttiago bazuten horrekiko, Euskal Herrian euri anitz ukaiteko usatuak direla eta. Alabaina, argi dute ur eskasetan direlarik, haien lurrak ez direla onak: ura behar dute ez baitute atxikitzen. Teo Riouspeyrousen iksupundutik, aterabideak atxeman beharko dira, mahastien orientazioa aldatuz adibidez.

Interesgarri izanen zaizu