Interreg POCTEFA programaren baitan, Euroeskualdeak datozen urteetan diruz lagunduko dituen mugaz gaindiko proiektuak aurkeztu ditu Ficoban. Horien artean da Sarebide, euskarazko hedabideen eraldaketa digitala eta lankidetza indartzea helburu duena.
Euroeskualdeak datozen urteetan diruz lagunduko dituen mugaz gaindiko proiektu berriak aurkeztu zituen ostiralean, Ficoban. Proiektu horiek Interreg POCTEFA programaren barruan kokatzen dira, Europar Batasunak Pirinioetako mugaz gaindiko lurraldeen arteko lankidetza sustatzeko sortutako egitasmoaren baitan. Ekimen horien helburua da mugaren bi aldeetako herritarrentzat onura nabarmenak sortzea, bereziki enplegua, mugikortasuna eta eleaniztasuna bultzatuz. Ildo horretan, hainbat proiektu hautatu dituzte, besteak beste: LANEAN, HEZHI, MUGAZIKLO, TRANSFERMUGI, EUSGUNEAK eta, bereziki, SAREBIDE.
Sarebide: Euskal herriko komunikabideen saretzeko tresna
Sarebidek hainbat euskarazko hedabide biltzen ditu: BERRIA, Kanaldude, Hamaika TB, Elhuyar, Euskalerria Irratia eta Euskal Irratiak. Gu ere ekimen honetako partaidea gara. Proiektuak euskarazko hedabideen eraldaketa digitala sustatzeko proiektua da. 2025etik 2028ra bitartean, teknologia partekatuak —adimen artifiziala barne— garatuko dira, edukiak modu eraginkorragoan kudeatu eta zabaltzeko. Egitasmoaren helburu nagusia da euskarazko edukietara sarbidea erraztea, formatu eta kanal berriak sortzea, eta mugaz gaindiko lankidetza-sare sendo eta iraunkorra eratzea.
Pello Urzelai BERRIAko kideak azaldu duenez, Sarebideren bidez ikus-entzunezko plataforma bateratu bat sortzea ere aurreikusten da. Helburua da beste hedabideekiko lehiakortasuna handitzea eta edukien kalitatea hobetzea, baina, batez ere, euskarazko hedabideak elkarrekin sarean artikulatzea. Hortik dator, hain zuzen ere, Sarebide izena.