Ziburu (Lapurdi)

Euskal arrantzaleen ahotsa entzutera etorri dira eurodiputatuak

Europako Parlamentuko Arrantza Batzordeko sei eurodiputatuk Euskal Kostaldea bisitatu dute, tokiko arrantzaleen erronkak bertatik bertara ezagutzeko.

Euskal arrantzaleen ahotsa entzutera etorri dira eurodiputatuak
Bisitak Ziburuko arrain-enkantegian eta portuan egin dira. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/10/29 07:00

Europako Parlamentuko Arrantza Batzordeko sei eurodiputatuk Bizkaiko Golkoa bisitatu dute, Euskal Herriko arrantzaleen egungo egoera eta erronkak bertatik bertara ezagutzeko. Misioaren helburua izan da Europako arrantza legeen eragina ebaluatzea eta etorkizuneko politika jasangarri eta sozialagoak lantzeko oinarriak biltzea.

Bisitak Ziburuko arrain-enkantegian eta portuan egin dira, eta eurodiputatuek bilkurak izan dituzte arrantzaleen kooperatibekin zein administrazioetako ordezkariekin. Eztabaidaren erdigunean EMFAF —Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa—ren kudeaketa eta azken urteetako arrantza-itxieren ondorioak egon dira. Gogoratu, duela bi urte Bizkaiko Golkoan arrantza debekatu zela izurdeen babesa bermatzeko, eztabaida handia piztuz.

Oihane Agirregoitia eurodiputatuak azaldu du bisitak “arrantzaleen mezua zuzenean jasotzeko” balio duela, baina arrantzale askok ez dute itxaropen handirik. Horien artean, Xabier Martiarena, Itsas Geroa elkarteko kidea, urteak daramatza arrantza tradizionalaren alde borrokan eta salatu du 2013ko erreformek ez zutela arrantzale txikien egoera hobetu.

Bestalde, batzordean adierazi dute arrantzara bideratutako diru-laguntzak handitzeko asmoa dutela, eta 2027ko Europako aurrekontu berrietan gai horri lehentasuna emango diotela. Agirregoitia eurodiputatuaren arabera, “hemengo arrantzaleen etorkizunerako funtsezkoa da diru-funtsak desblokeatzea”. Idoia Mendia eurodiputatuak, berriz, gazteen parte-hartzea indartzeko premia azpimarratu du, gero eta gutxiagok hautatzen baitute arrantzaren bidea.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu