Lehen aldiz mutilen euskal selekzioak Ipar Euskal Herrian egin du entrenamendu bat. Imanol Pradales lehendakariak sustengua adierazi die jokalariei eta lurraldetasunaren garrantzia azpimarratu du Donibane Lohizunen.
Mutilen euskal futbol selekzioak Venezuelaren kontra jokatuko du larunbat honetan Bilboko San Mames zelaian, euskal zaletuen aitzinean. Ofizialtasunaren aldarria gori-gori izanen da, beste behin, aste honetan jakin baita, Euskal Futbol Federazioak euskal selekzioaren nazioarteko ofizialtasuna lortzeko prozesua berpiztu duela. Xede horrekin Espainiako kirol kontseilu gorenera jo du, eta ekimenari buruzko informazioa helarazi dio Espainiako Futbol Federazioari.
Iker Goñi Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak bere nahikeri garbia erakutsi du: batetik ofizialtasuna, eta bestetik lurraldetasuna. Horregatik Ipar Euskal Herrian euskal selekzioaren partida bat jokatu dadin lanean ari direla adierazi du.
Euskal kirol selekzioen ofizialtasuna bultzatzen duen Gu Ere Bai elkartearen eta Euskadiko Futbol Federazioaren artean, dokumentu partekatu bat sinatu dute, Donibane Lohizunen. Ofizialtasunaren bidean urratsak ematen segitzeko engaiamendua jasotzen du dokumentuak. Patxi Gaztelumendi Gu Ere Bai elkarteko kidea:
22 jokalari deitu ditu Jagoba Arrasate prestatzaileak Venezuelaren kontrako partidarako. Entrenatzaile bizkaitarrak argi du ilusioa dela larunbateko norgehiagokaren funtsa. Jokalariak ere kontent dira beren selekzioarekin jokatzeagatik. Entzun Arrasate, Unai Marrero atezaina eta Johaneko Louis-Joan, Athleticen jokatzen duen jokalari baionarra.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Donibane Lohizuneko entrenamenduaren hondarrean heldu da. Jokalariak agurtu ditu eta ofizialtasunaren aldarria egin die bertaratuei. Ondoren, Jaurlaritzako kide, federazioko arduradun eta selekzioko kideak Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren hilobia bisitatu dute Donibaneko hilerrian. Entzun playerrean Imanol Pradalesekin egin elkarrizketa
Partida zuzenean entzuten ahalko da Euskal Irratietan, Naiz irratiak egin kontaketari esker.