Donibane Garazi (Ipar EH)

Euskal Herri osoan Palestinaren alde mobilizatzera deitu du Gernika-Palestinak

Orotara, 128 herri desberdinetako herriko etxe aitzinetan, astiriko 7tan iraganen dira apirilaren 8ko mobilizazioak "lurra, justizia eta bakea" lemarekin.

Euskal Herri osoan Palestinaren alde mobilizatzera deitu du Gernika-Palestinak
Gernika-Palestinak martxoaren 30an mobilizazioen lema aurkeztu zuen.
Kattalin Harispuru Diribarne
2025/04/08 09:06

Mobilizazio horietan, Israelen basakeria eta Europako ordezkarien pasibotasuna salatuko da; baita ere Palestinarrei elkartasuna. Berez, mobilizazio dei hau, beste testuinguru batean gogoetatua izan zen, hots, su etenaren akordioa Israelek hautsi baino lehen. Ondorioz, mobilizazio horien aldarriak beste norabide bat hartu du, hau da, Europar Batasunak Israelekin dituen akordioak hautsi ditzan. Horretarako, Gernika-Palestinak hiru eskaera luzatzen dizkio Europar Batasunari, hala nola, Israelekin dituen akordioak haustea, hari arma gehiago ez saltzea, eta presio diplomatiko «eraginkor» baten plantan ezartzea.


Euskal Herriko herri andana batetan, Gernika- Palestina herri ekimenak deitutako mobilizazioak iraganen dira, denak ber momentuan. Gernika-Palestina sortu zelarik, herri baten ahots bateratu eta zabal bat islatzeko helburua zuten eta apirilaren 8ko mobilizazioek, horren ilustratzeko helburua dute. Bestalde, Euskal Herriak Palestina ez duela bakarrik utziko erakusteko helburua da.


128 mobilizazio horietatik, 4 Ipar Euskal Herrian iraganen dira, astiriko 7tan Maule, Baiona eta Donibane garaziko herriko etxe aitzinetan, eta Ziburuko biribilgunean.  

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu