Euskal Herrian Euskarazeko bi ekintzaileri euskaraz mintzatzea ukatu zaie Baionako auzitegian

Berriz ere Gorka Torre Roca eta Intza Gurrutxaga euskaraz mintzatzen saiatu dira Baionako auzitegian eta epailearen aitzinean. Ostiral arratsalde huntan deituak ziren joan den abenduare 3an auzitegian bertan "Justizia euskararentzat" tindatzeagatik.

Euskal Herrian Euskarazeko bi ekintzaileri euskaraz mintzatzea ukatu zaie Baionako auzitegian
Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre EHE-ko ekintzaileak.
2025/04/11 16:20

Itzultzaile bat presente zen. Baina gazteleraz itzultzen zizkion epailearen hitzak Intza Gurrutxagari.

Auziak ez du luzaz iraun, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko militanteak diren bi auzipetuek, iragarri bezala, euskaraz deklaratzeko eskubidea aldarrikatu baitute. Bi Ekintzaileak behin baino gehiagotan eskatu diote epaileari euskaraz egiteko baimena. Horrek epaitegian hizkuntzaren erabileraren legezkotasunari buruzko eztabaida ireki du.

Gorka Torrek euskaraz deklaratzea debekatzen duen legerik ez dela azpimarratu, eta epaileak frantses konstituzioaren bigarren artikuluaren argudioa erantzun dio.

Sustenguz hurbildua zen publikoarekin nahasmenduak sortu dira. Azkenean gela hustea erabaki zuen epaileak. "Euskal Herrian euskaraz!" oihuekin atera dira auzitegi gelatik.

Ondotik auziak segitu du bi auzipetuak gabe. Azkenean 500€ko gibelapenezko isuna Intza Gurrutxagari eta 1000€ko isuna Gorka Torre Roca-ri ezarri die epaileak.

Ondoko egunetan jakinaraziko dute zigorra beteko duten ala ez.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu