Munduko Pilota Txapelketan Euskadiko Selekzioak parte hartzea lorpen historikotzat jo badu Euskal Selekzioa Orain taldeak, salatu du selekzioak ez diela euskaldun guziei Euskal Herria ordezkatzeko parada ematen.
Munduko Pilota Txapelketa bururatzear da, eta parada horretaz baliatu nahi izan dute Euskal Selekzioa Orain taldekoek. Munduko Pilota Txapelketan Euskadiko Selekzioak parte hartzea lorpen historikotzat jo du taldeak. Urteetako mobilizazio, engaiamendu eta borrokari esker lortutako aitzinamendua da, taldearen arabera. Azken urteetan selekzioaren alde lan egin duten guziak eskertu ditu, eta Argentinan eta Uruguain euskal koloreak defendatuko dituzten pilotariak zoriondu.
Baina, taldeak salatu du selekzioak ez diela euskaldun guziei Euskal Herria ordezkatzeko parada ematen: salbuespenak salbuespen, Iparraldeko eta Nafarroako pilotariek ezin dute bertan parte hartu; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoek baizik ez. Horren ondorioz, Euskadiko Selekzioak ezin du Euskal Herria bere osotasunean ordezkatu.
Bi aterabide ikusten dituzte gaur egun. Lehena litzateke Euskadirekin aritzea, baina gaur egun baldintza zorrotzek ez dute hori ahalbidetzen: pilotariek Espainiako pasaportea ukan behar dute eta hiru urtez EAEn bizi izana. Bigarren aterabidea Euskal Herriko federakuntza berri bat nazioartean aurkeztea litzateke.
Aldarrikapenak plazaratzeko, elkarretaratzea eginen dute gaur, Hendaian, arratseko 7etan, Daniel Ugarte pilotalekuan.
Euskal Selekzioa Orain taldeko Jon Larronde entzun Playerrean.
