Gobernantza paktuaren bidez hirigunearen funtzionamendua eta barne demokrazia hobetzea da helburu. 154 bozka alde izan ditu hirugarren gobernantza itunak, bost kontra, eta 37 abstentzio, larunbatean egin den osoko bilkuran.
Euskal Hirigune Elkargoaren osoko bilkurako lehen eztabaidagaia gobernantza paktua izan da, larunbatean egin den hautetsien osoko bilkuran. Hirigunearen barne funtzionamendua eta demokrazia hobetzea du xede, onartu den hirugarren itun proiektuak.
Ipar Euskal Herriko 158 herriak biltzen dituen elkargoak, deliberoak hartzeko eta eztabaidatzeko hiru gune ditu: 158 hautetsien osoko bilkura; talde exekutiboa, eta talde iraunkorra. Funtzionamendu mota hau ote den egokiena eztabaidatu dute hautetsiek, azken urtean, antolatuak izan diren hainbat atelierretan. Alain Iriart, Hiriburuko auzapez eta Bil Gaiten talde politikoko kideak, paktuaren alde bozkatu du, baina, hautetsien tokia deliberoen erdigunean emanez, eta konfiantza emanez.
Benat Cachenaut Iholdiko auzapeza eta Peio Etxeleku, Kanboko hautetsia, izan dira kritikoenak itunarekin. Hirigune elkargoa sobera zentralizatua dela bere funtzionamenduan salatua izan da, eta Etxeleku izan da gogorrena paktuarekin. Demokrazia eskasa salatu du, eta talde exekutiboaren egiteko manerak ez dituela gustuko izan gehitu du.
Aldiz paktua defendatu dute Isabelle Pargade Hazparneko auzapezak, Daniel Oltsomendi Izurakoak eta Sauveur Bacho Arberatzekoak.
154 bozka alde izan ditu hirugarren gobernantza hitzarmen proiektuak. Bost kontra eta 37 abstentzio izan dira azken bozketan.