(Ipar EH)

Euskal Kultur Erakundeak 50 mila euro gutxiago jasoko ditu departamentutik eta 30 mila gobernutik

2025ean 30.000 euro gutxiago jasoko zituela frantses gobernutik ere jakinarazi zieten. Udazkeneko mobilizazioen ondotik “kreditu buztanak” izanen zirela erran bazieten ere, ezezkoa jaso dute abenduaren 13ko bilkuran.

Euskal Kultur Erakundeak 50 mila euro gutxiago jasoko ditu departamentutik eta 30 mila gobernutik
Irailean gobernuak iragarritako murrizketen kontrako mobilizazioa egin zen Uztaritzen. EUSKAL IRRATIAK
Jose Luis Aizpuru
2025/12/17 16:17

Euskal Kultur Erakundearen administrazio kontseiluko kideek, abenduaren 13ko bilkuran jakin zuten frantses gobernuak ez zuela sos emendaketarik ekarriko, udazkenean iragarri gisan, eta horrez gain, Pirinio Atlantikoetako departamentuak 50. 000 euro gutxiago emanen dizkiola EKEri 2026an, erran zitzaien.


Katixa Dolhare EKEko lehendakariak, Goiz Berri emankizuneko iritziaren atalean gogoeta hau egin du sos apaltze horietaz:

"2025 urte honek datozen urteetako kultur alorrean etorriko diren zailtasun handiak iragarri dizkigu. Euskal Kultur Erakundean gertatu ari dena horren adierazlea da. Aurtengo Biltzar Nagusian, apirilean, erakunde publikoek usaian ematen dioten diru-laguntza bozkatua izan zen. Euskal Kultur Erakundea bere partaideekin lanean hasi ahal izan zen, orduan, aitzineko urteetan bezala. Eta hara non, uztailean, Estatuak erabaki duen hitzemandakoa 30 000 euroz apaltzea. Udazkenean antolatutako mobilizazioaren ondotik, Estatuko ordezkariek esperantza eman zuten “kreditu buztanak” aurkitu zituztela, baina alferrik. Saiatu omen ziren buztan horiek Rachida Dati kultur ministroari berari eskatzen, Bonnat-Helleu Museoaren estreinaldi egunean Baionan zelarik, baina, maleruski, ezin izan da aterabiderik atzeman. Estatuak sei milioi euro ezarri ditu Museo garrantzitsu horren arraberritzeko, baina 30 000 euro ezin izan ditu atera Euskal Kultur Erakundearentzat, ez zakutik, ez zorrotik. Hori ofizialki adierazi du DRACeko zuzendari nagusiak EKEko azken administrazio kontseiluan, abenduaren 13an, eta erran digu 2026rako apaltze handiagoa ere gerta daitekeela.

Bilkura horretan, Departamenduak jakinarazi du 50 000 euro gutiago eskuratuko duela EKEk 2026an. Hiriguneak erran du iazko diru-laguntza berdina emanen ziola, eta Eskualdeak, ahaleginak eginen zituela bide horretatik ere aritzeko. Azpimarratzekoa da Eusko Jaurlaritzak emendaketa aipatu duela.

Testuinguru horretan, argi da euskal kultur munduak, bizirauteko, indarrak aurkitu beharko dituela bere baitan eta elkartasunez jo beharko dutela eragileek, erakunde publikoen sustengua muga batetara heldua dela baitirudi.

Euskal Kultur Erakundeko administralariak eta langileak lanean ariko dira laguntza instituzionalak bermatzeko eta ahal bezainbat areagotzeko, bata eta bestearen lehien eta interesen gainetik pasatuz.

Baina, anartean, segitu beharko da antolatzen eta zentzuz aritzen, uniformizazio globalak, adimen artifizialak, indibidualismoak eta eskuin-muturreko ideologiak urra lezakeen jendartean".

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu