Bilbo (Hego EH)

Euskal selekzioak eta Palestinak San Mamesen norgehiagoka izanen dute azaroaren 15ean

Euskadiko Futbol Federazioak Palestinakoa hartuko du, kirol munduan ere Gazako genozidioaren aurkako protestak biderkatzen ari diren honetan, Espainiako Ser irrati katearen arabera. Yaser Hamadi bizkaitarra Palestinako selekzioko jokalaria da.

Euskal selekzioak eta Palestinak San Mamesen norgehiagoka izanen dute azaroaren 15ean
Euskal Selekzioko jokalariak, 2024an Uruguayren aurka jokaturiko partida hasi aitzin, ofizialtasuna eskatzeko banderola eskuetan. Irekia/EUSKO JAURLARITZA
Aimar Lopez Erasun
2025/09/18 10:14

Egun historiko bezain hunkigarria izanen da Bilboko berdegunean azaroaren 15ekoa, Euskadiko Futbol Federazioak informazioa baieztatuz gero. Ser kateak Palestinako federaziotik lortu duen informazioaren arabera, lagun arteko partida berezia izanen da San Mames estadioan.

Euskal selekzioa nazioarteko konpetizioetan ofiziala ez bada, Palestinakoa ofiziala da, baina Palestinatik kanpo bizi diren errefuxiatuek osatzen dute, herrialde ezberdinetako ligetan ari diren jokalariek. Jokalari horietako bat Leioako (Bizkaia) Yaser Hamadi da, Athleticen harrobian hazia eta egun Qatarreko ligako jokalaria. Hura ibili da, bertzeak bertze, bi federazioen arteko solasaldiak bideratzen.

Espainiako Vueltaren pasaian Euskal Herrian Palestinaren alde izan diren elkartasun erakustaldiek oihartzun handia izan dute mundu mailan, eta testuinguru horretan iritsiko da Palestinako selekzioa Euskal Herrira. Joan den asteartean, Athleticek Champions Ligan Arsenalen aurka jokatu zuen partidan ere banderola handi bat hedatu zuten San Mamesen, Palestinako banderaren kolorekin eta "Zure alboan egongo gara gaurtik azken eguneraino" leloarekin.

Kirola genozidioa salatu eta ikustarazteko tresna bada, kirolariek ere Israelen erasoak gogor pairatzen dituzte. Palestinako Futbol Federazioaren datuen arabera, 2023ko urriaren 7tik 355 futbolari erail ditu Israelek gazan, baita bertze federazioetako 277 kirolari ere. Gazako genozidioaz harago ere, Zisjordaniako kirolari gehienek zailtasun handiak dituzte haien jarduna garatu eta nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko. Ikusteke dago azaroaren 15eko partidara Zisjordaniako kirolaririk etorriko den.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu