Euskalgintzak azaroaren 21eko manifestaldirako deia egin du, euskarararekiko "errespetua" galdeginez

"Euskararen garaia da" manifestua aurkeztu du Euskal Konfederazioak gaur Baionan. Azaroan hiri berean eginen duten indar erakustaldira deitu dute, euskararen balio anitza irudikatuz eta aldarrikatuz.

Euskalgintzak azaroaren 21eko manifestaldirako deia egin du, euskarararekiko "errespetua" galdeginez
Frantsesez ere komunikatzeko apustua egin dute, euskararen aldeko hautua azalduz. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2026/06/23 09:08

"Hautua egin dugu euskara izan dadin gure bizitzen bizkar hezur. Eta hautu hori errespetatzea nahi dugu": euskara transmititzea, euskaraz bizitzea eta euskara bizitzea zilegi direla argi utziz hasten da gaur egin duten manifestua. Euskal Konfederazioko kideek aurkeztu dute Baionan, azaroaren 21ean eginen den manifestaldira deitzeko.

Lau aldarrikapen bildu ditu manifestuak, eta horiek izanen dira handia nahi luketen mobilizazioaren ardatzak: euskararen koofizialtasuna Ipar Euskal Herrian; Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aldaketa, frantsesa ez dadin hizkuntza bat eta bakarra izan; Frantziako parlamentuan "hizkuntza gutxituen aldeko lege ausart bat bozkatzea"; eta azkenik, Ipar Euskal Herrian euskararen aldeko politika publiko zehatz, eraginkor eta helburu zenbakitudunak martxan ematea.

Gauzak hala, ez lukete "euskararen aldeko manifa bat gehiago" antolatu nahi Baionan, baizik eta "zinezko aldaketa ekarriko duen atxikimendu demostrazio" handi bat. Horretarako, Euskal Konfederazioan bilduak diren eragile guztiek haien komunitatea mobilizatzeko engaiamendua hartu dute lehenik, baina euskaltzale guztiei ere laguntza galdegin diete: "Herritarrak, langileak, artistak, kirolariak, hautetsiak, enpresariak eta komertsantak; bertan sortuak eta etorri berriak, eskolan euskara debekatu zieten belaunaldikoak eta eskolari esker euskalduntzen ari diren haurrak... euskara jakin ala oraindik ez, euskararen aldeko komunitatea osatzen dugun guziak elkarretaratu behar gara".

Iragan negutik Euskalgintzaren Kontseiluak aldarrikatzen duen pizkundearen testuinguruan kokatu dute udazkeneko mobilizazioa gaurkoan, euskarari indar berri bat emateko beharra azpimarratuz, "euskaldunak pizteko". Euskarak irabazteko espazio, bihotz eta aho anitz baditu ere, argi dute: "Euskaltzaleon garaia da, euskararen garaia da".

Interesgarri izanen zaizu