Euskaltzaleen garaia dela aldarrikatu du euskalgintzak Arantzazun

Euskararen pizkunde berri baten abiatzea irudikatu zuten atzo Euskalgintzaren Kontseiluak eta hainbat euskaltzalek Gipuzkoako santutegian. Abenduaren 27an Bilbon eginen duten ekitaldira joateko deia egin zuten.

Euskaltzaleen garaia dela aldarrikatu du euskalgintzak Arantzazun
Belaunaldi ezberdinetako euskaltzaleak, Arantzazuko santutegian elkartuak. EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Aimar Lopez Erasun
2025/11/07 11:24

Sinbolismorik ez zaio eskas argazkiari: bertzeak bertze euskara batuaren sehaska izan zen Arantzazuko santutegian (Oñati, Gipuzkoa) bi dozena euskaltzale, belaunaldi ezberdinetakoak, euskararen hedapenean inflexio puntu bat irudikatzen. Keinuak ere, sinbolikoak, argiki: Kontxita Beitia andereñoen mugimenduko aitzindari donostiarrak lekuko bat eman zien Bernat Etxepare lizeoko bost ikasleri, eta euskararen pindar berria hauspotzera engaiatu ziren gazteak.

XIX. mendetik egun arte, euskarak pizkunde eta berpizkunde ezberdinak izan dituela oroitarazi zuen Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak. Hala, hizkuntzak egun bizi duen egoera "larria" ikusirik, auzitegietan, mundu politikoan eta hainbat hedabidetan zabaltzen diren euskararen aurkako erasoekin kezkaturik, pizkunde berri baten beharra azpimarratu zuten.

«Gizaldiz gizaldi, mendez mende, gora euskara!» oihukatuz, abenduaren 27an Euskalgintzaren Kontseiluak Bilboko Bilbo Arenan antolatu duen Pizkundea izeneko ekitaldira hurbiltzeko deia egin zuten.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu