Euskal Konfederazioak hamabost herriren deliberoen aurkako prefetaren erasoak salatu ditu, eta azaroak 21eko Euskararen garaia da manifestaldira deitu du gaur Baionako suprefeturaren aitzinean.
Euskal Konfederazioak prefetaren azken neurriak salatu ditu gaur, Baionako suprefeturaren aitzinean. Elkartearen arabera, euskararen erabilera gibelarazten dute neurri horiek.
Simon Fetet prefetak auzitegi administratibora eraman ditu euskararen ezagupen ofizialaren aldeko hamabost herriren deliberoak. Larresoron karrikei euskarazko izenak emateko erabakia ezeztatu dela eta Beskoitzeko hautetsiek herriko kontseiluan euskaraz hitz egiteko aukera galduko dutela ere salatu du Konfederazioak. Peio Jorajuria Euskal Konfederazioko kidearentzat, azken hilabeteetako erasoak «Frantziako konstituzioaren bigarren artikuluaren irakurketa gero eta murritzaileago» bati lotuak dira.
Horregatik, Frantziako konstituzioaren bigarren artikulua aldatzea eta hizkuntza lege bat onartzea eskatzen du Konfederazioak. Horri begira hain justu, azaroaren 21ean Baionan eginen den Euskararen garaia da manifestaldira deitu du, besteak beste, euskararen koofizialtasuna aldarrikatzeko.
Entzun Peio Jorajuriaren adierazpenak.