“Euskararen alde, herriek ere!” jardunaldia antolatu dute Euskal Konfederazioak eta UEUk. 5 ardatzek eta horien baitako 20 neurrik osatzen dute barometroa. Herriko etxeen rola baitezpadakoa dela lurralde-hizkuntzen biziarazteko ohartarazi dute.
Euskararen aldeko engaiamenduaren barometroa aurkeztu du Euskal Konfederazioak. 5 ardatz eta 20 neurrik osatzen dute, 2026ko herriko bozen ondoko kargualdiaren lehen urtetik herriko etxeek ere euskararen alde eragin dezaten. Hizkuntza politikaren baliabideak, euskararen transmisioa, euskararen erabilera, euskararen prestigioa eta euskararen ikusgarritasuna dira 5 ardatzak. Helburua dute herriko bozetarako aurkeztuko diren zerrendek, finkatutako 20 neurrietarik batzuk har ditzaten. Egia da testuinguru orokorra ezkorra dela eta ondorioz murrizketa ainitz aplikatzen dituztela Frantzia mailako instituzio desberdinek. Baina Euskararen gaia hautagaien lehentasuna ez izaiteko arriskurik ez dela iduritzen zaio Peio Jorajuria Euskal Konfederazioko kideari, hautesleek ez luketelako ulertuko gai hori kanpaina programetarik kanpo izaitea. Barometroak helburua du lehenik, zerrenda guziek finkatu engaiamenduetarik batzuk har ditzaten hemendik martxoko herriko bozetara arte. Eta ondotik, hauteskundeetarik landa, herriko etxeak lagunduko lituzke Konfederazioak neurri konkretu eta eraginkorrak hartzen. Ebaluazioa prestatuko du ere notazio bat plantan ezarriz bozak aitzin eta ondotik.