Euskararen eguna: euskalgintzaren, EHEren eta ikasleen mobilizazioak

2025eko abenduaren 3a EEPren aurrekontuaren inguruko eztabaidak markatu du. Euskal Konfederazioa Baionan elkarretaratu da 13:30ean. Ordubete geroago, Euskal Herrian Euskarazek protesta egin du Baionako Euskal Museoan.

Euskararen eguna: euskalgintzaren, EHEren eta ikasleen mobilizazioak
EHEk Baionako Euskal Museoan ekintza egin du gaur arratsaldean. EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ
Aimar Lopez Erasun
2025/12/03 14:39

"Euskalduna bazara, hitz egidazu euskaraz!": Fermin Muguruza eta DUT taldearen Aizkorak zorroztu kantuaren hitzak dituen banderola erraldoi bat hedatu dute Bernat Etxepare lizeoko ikasleek. Ez da berria banderola: 2018ko abenduaren 3an hedatu zuten aurrenekoz orduko ikasleek, eta geroztik, belaunaldiz belaunaldi lekuko baten gisan transmititu dute Baionako lizeoko ikasleek. Euskararen erabileraren aldeko aldarri gordina egiteaz gain, azterketak euskaraz egiteko eskubidea ere aldarrikatu dute aurten, gaur goizean hedatu duten bideoaren bidez. Euskararen nazioarteko eguna den heinean, munduari begira egin dute bideoa: bi ikaslek euskaraz eta ingelesez egin dute aldarria.

Bertze lelo bat ere entzun da gaurkoan haatik: "Euskarari trufarik ez". Euskal Konfederazioak elkarretaratzea egin du 13:30ean Baionan, Euskararen Erakunde Publikoaren egoitza aitzinean. Ezinbertzeko lanabesa da EEP Ipar Euskal Herrian euskararen biziraupenerako: haren diru laguntzei esker funtzionatzen dute hezkuntza euskaldunak, Euskal Hedabideek edo helduen euskalduntzeak, batzuk aipatzearren.

Urteak dira aurrekontua izoztua dela, eta euskalgintzako eragile horiek eta haien langileek inflazioari aurre egin ezin diotela, ezta etorkizuneko erronkei ere. Funtsean, partekatua baita EEP eta euskalgintzaren artean erronka: 2050. urterako Ipar Euskal Herriko biztanleen %30 euskaldunak izatea. Azken hamarkadetako gainbeherari aurre egitea lehentasunezkoa jotzen dute euskalgintza instituzional zein herrikoiak. Eguerdiko elkarretaratzean EEP finantzatzen duten Euskal Hirigune Elkargoa, Pirinio Atlantikotako Departamendua, Akitania Berriko Kontseilua eta Frantziar Gobernuari deia egin diote, berandu baino lehen adostasuna lortu eta aurrekontua emendatzeko.

Euskal Herrian Euskaraz taldeak Baionako Euskal Museoan ekintza egin du gaur. Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua, euskaraz nehoiz argitaratutako lehena Baionan da azarotik urtarrilera arte, BNF Frantziako Nazio Liburutegiak Parisetik ekarria. Liburua Euskal Herrian gelditzearen inguruko eztabaida piztu da azken asteetan hainbat mugimendu euskaltzaletan, mundu akademikoan baita politikoan ere. Joan den ortzegunean, metro gutxira ireki den Bonnat-Helleu museoaren inaugurazioa baliatu zuen Peio Dufau EH Baiko diputatuak Rachida Dati ministroari liburuaren ale bat oparitu eta eskaria luzatzeko.

Euskal Irratiek jakin dugunez, EHEko 15 bat lagun Etxepareren liburuaren inguruan jarri dira, hura Euskal Herrian gelditu dadila galdegiteko.

Interesgarri izanen zaizu