Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak euskararen aitortza faltaz ohartarazi dute, Etxepareren liburua ardatz hartutako ekintza sinbolikoan. Hizkuntza ofizialtzea eta abenduaren 27an Bilbon mobilizatzera deitu dute.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak ekintza sinboliko bat egin dute Baionako Euskal Museoan, euskarak jasaten duen ahalmen eta aitortza faltaz ohartarazteko.
Leku esanguratsua hautatu dute: Baionako Euskal Museoa, urtarrilaren hasierara arte ikusgai baitago Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua. Idurre Eskisabel eta Gorka Torre, Euskalgintzaren Kontseiluko eta Euskal Konfederazioko ordezkariek azaldu dutenez, 1545ean euskaraz inprimatutako lehen liburu hark jada euskarari bizia emateko deia egiten zuen, berdintasun-printzipioan oinarrituta.
Haien hitzetan, ia 500 urte geroago ere parekidetasuna ez da iritsi.
Bestalde, nabarmendu dute euskararen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa dela hizkuntza ofizialtzea —horretarako Konstituzioko 2. artikulua aldatzea— eta benetako baliabideak izango dituzten hizkuntza-politika eraginkorrak ezartzea.
Hori guztia dela eta, abenduaren 27an Bilbon elkartzeko deia luzatu diete euskal zale guztiei.