11:00etan jaso dituzte Etxepare lizeoko leheneko ikasleek baxoko azterketa aitzinatuen emaitzak. Seaskak pozarren hartu du berria, eta heldu diren urteetarako finkatu dadila eskatu du.
Zorion mezua zabaldu du gaur Seaskak: iragan ekainaren 12an matematikako baxoa frantsesez beharrean euskaraz egin zuten ikasleei, baina baita bere komunitateari ere, azken hilabeteetako mobilizazioagatik. "Egoera korapilatsua eta nahasgarria izan arren, ausardiaz eta erantzukizunez jokatu dute" Etxepare lizeoko leheneko ikasleek, federazioaren arabera, eta horren fruitu da gaurko berria. 2020an filosofiako baxoa euskaraz konposatu zuen ikasle taldearekin batera, bigarren aldia da azken hamarkadatan Seaskako ikasleek hizkuntza desobedientzia praktikatu dutela baxoan; orain sei urte baina, bi azterketa baizik ez ziren zuzenduak izan.
Gorabeherak eta galdera ikurrak
Urtebeteko borrokaren fruitu da gaur Bordeleko Akademiak zabaldu dituen emaitzak hutsekoak ez izatea. Izan ere, duela urtebete inguru jakin zen matematikako azterketa baxora itzuliko zela hautagai guztientzat, 2020ko Blanquer erreformarekin desagertu ondoan. Ordurarte, euskaraz erantzuten zuten Seaskako ikasleek, eta hala, azterketa berrezartzen zuen aginduan hizkuntzari buruzko aipamenik ez zenez, euskaraz erantzuteko aukera baieztatzeko eskatu zion joan den irailean Seaskak Bordeleko errektoretzari.
Erantzunik ez zuten jaso udaberrira arte, eta azkenean, ezezkoa iritsi zen. Orduan iragarri zituen mobilizazioak Seaskak, eta "desobeditzeko" asmoa adierazi zuten publikoki Etxepareko ikasleek. Anartean, Bordeleko Akademiarekin elkarrizketa zaila izanik ere, negoziaketek Parisen jarraitu zuten etorkizunera begira, eta Édouard Geffray hezkuntza ministroak 2028ko ekainetik landa baxoko bi berezitasunetako bat euskaraz egiteko aukera iragarri zuen maiatzean. Negoziaketa horietan parte hartu duen Peio Dufau diputatuak orduan adierazi zuen litekeena zela 2028ra bitarte hainbat salbuespen lortu ahal izatea, baina errektoretzatik konfirmaziorik ez zen iristen. Keinu gisa, Bordelen egitekoa zuen mobilizazioa bertan behera utzi zuen Seaskak.
Ekainaren 12an, Etxepare lizeoko 80 bat ikaslek, leheneko gehienek, euskaraz egin zuten matematikako baxoa, Seaskaren komunitatearen babesarekin. Bost egun geroago, hilaren 17an, Franceinfo katean horri buruz galdeturik "baxoko kopia guztiak zuzenduak" izanen zirela adierazi zuen Geffray ministroak, suspenseari kasik amaiera emanez. Hainbat matematikako irakasle euskaldun deituak izan ziren egun horietan. Gaur, azkenean, konfirmazio ofizialik nehoiz jaso gabe, 11:00etan matematikako nota begiratzean azterketak behar bezala zuzenduak izan direla deskubritu dute Seaskako ikasleek, hilabetetako antsietatea lasaituz. Uda hasi dezakete behingoz.