PNB marka ez da gehiago bali izanen Euzko Alderdi Jeltzalea identifikatzeko Ipar Euskal Herrian, eta Frantzian. 'Nationaliste' hitzak nahasmendua sortzen duela-eta, jende gehiagorengana heltzeko xedez, 'Le Parti Basque' deituko da frantsesez
"Gure alderdia, herriaren alderdia da". Solas horiekin abiatu du bere hitzartzea Aitor Esteban Euzko Alderdi Jeltzaleko presidenteak, Bidarten egin duen prentsa aitzinekoan. "Euskotar eta euskaldun guztion alderdia izatea da gure xedea, lidergoa indartzea", gehitu da buruzagi bizkaitarrak, Ipar Euskal Herrian alderdi jeltzaleak abiatzen duen dinamika berria azaltzerakoan.
Alderdiaren marka frantsesa aldatzea ere deliberatu dute jeltzaleek. PNB (Parti Nationaliste Basque) sigla historikoa alde batera utzi, eta hemendik goiti LPB izanen da, Le Parti Basque. "Arima ez da aldatzen; helburuak ez dira aldatzen. Euskadi askeagoa egitea da gure helburua", dio Estebanek, baina horretarako, ezagunagoak izan nahiko luketela Ipar Euskal Herrian, aitortzen du. Nazionalista terminoak Frantzian kutsu ezkorra duela dio, eta "kaltegarria Iparraldean" . "Eskuin muturrarekin lotzen da askotan nazionalista terminoa, baina historiak erakusten digu urrun gaudela eskuin muturraren pentsamoldeetatik", azpimarratu du Aitor Estebanek.
Arima ez da aldatzen; helburuak ez dira aldatzen. Euskadi askeagoa egitea da gure helburua
Ipar Euskal Herriari jaramon gutxi egin diola EAJk azken urteetan aitortu du buruzagi jeltzaleak. "Iparraldeari kasu gutxiegi egin diogu, egia da", baina errealitate hori aldatzeko xede pertsonala baduela ere, gehitu du. "Iparraldeari buruzko erabakiak ez dira Bilbotik hartuko, hemendik, baizik". Ipar Euskal Herriko alderdi eta eragile guztiekin mintzatzeko prest agertu da, "eskuin muturra salbu", baina ez du ezker abertzalearekin preferentziazko traturik ikusten, "alderdi abertzaleak izanik ere, ezberdinak baikara". Lurralde kolektibitatearen eztabaidan urratsak emateko prest agertu da eta "denekin mintzatzeko", "aukerak ezin baitira galdu".
Iparraldeari buruzko erabakiak ez dira Bilbotik hartuko, hemendik, baizik
Peio Etxeleku Kanboko auzapez hautatu berria, eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariorde jeltzaleak, "Kanbo metodoa" eman du mahai gainean, EAJren estrategia laburtzeko. "Kanbo Iparralde ttipi bat da, soziologikoki. Jatorri ezberdineko jendea bizi da bertan eta kultur identitate anitzekin. Pragmatikoak gara, eta interesgarria izan da egin dugun lana bertan", laburtu du auzapezak.
