Senpere (Lapurdi)

Eztabaida sortu du Gizarte Ainiztasun Kontratuaren bozkatzeak Senpereko kontseiluan

Bozka baten gatik onartu zuten Senpereko Gizarte Ainiztasun Kontratua. Oposiziotik salatzen dute, herria baizik ez duela engaiatzen kontratuak diruaren aldetik. EPFL, Euskal Elkargoa, Departamendua, Frantziako estatua eta herria dira sinatzaileak.

Eztabaida sortu du Gizarte Ainiztasun Kontratuaren bozkatzeak Senpereko kontseiluan
Bernard Elhorga Senpereko auzapeza
Kriztof Arotzarena
2025/03/17 10:26

SRU legea betetzen laguntzeko tresna ona dela Gizarte Ainiztasun Kontratua dio Bernard Elhorga auzapezak, bereziki 220.000 euroko isuna pagatzen baitu Senperek iaztik, bere bizitegi nagusien ehuneko 25 ez baitira bizitegi sozialak. %7,55-koa da etxebizitza sozialen heina bakarrik. Kontzertaziorik gabe bozkatzera aurkeztua izan dela salatu dute Kriztof Jauregi eta Dominique Idiart oposizioko bi taldeetako hautetsiek. Galdegin dute ere bozka egunaren gibelatzea, hortaz hobeki eztabaidatzeko, bainan auzapezak ez du onartu. Horrez gain, kontratuak zehazten dituen helburuetara ez dela helduko Senpere uste du Kriztof Jauregi Hats Berri taldeko hautetsiak. Eta kasu horretan, helburuak ez balira betetzen, Kriztof Jauregik ohartarazi du kontratuan idatzia dela prefetak herria engaiatzen ahalko duela bizitegi programak diruz orekatzera 30.000 € arte bizitegi bakotx. Adibidez, 50 bizitegiko programa baten orekatzeko, 1.500.000 euroko diru ekarpena litzateke herriarentzat.

Elhorga eta Jauregi zerrendaburu 2026an

Heldu den urteko herriko bozei begira, Bernard Elhorga auzapezak baieztatu digu aurkeztuko dela. Kriztof Jauregik ere, Hats Berri zerrenda idekiaren izenean. Dominique Idiartek erran digu bere taldearekin laster erabakiko dutela.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu