Kolonbiara itzultzeko hegazkin txartelak eman dizkiete ama eta bi seme-alabei heldu den astelehenerako egonaldi baimenaren galdea egitekotan zelarik. Arrazoi humanitarioengatik erabakia berriz ikustea galdetu dio Cimadek prefeturari.
35 urteko kolonbiar emazte bat eta bere bi seme-alabak Kolonbiara kanporatua izateko arriskuan dira. Laster hiru urte beteko dira lurralde honetan daudela, eta, gaur egun, Baionan bizi da seme-alabekin. Paperik gabe, Yorelny Suarezek lurraldea uzteko manua ukan du heldu den astelehenerako (urriaren 20a). Hilabete baten buruan egonaldi baimena galdegiten ahalko zuen, hiru urte lurraldean egon ondotik galdetzen ahal baita. CIMADEk azpimarratzen du lana baduela emazteak, zergak ordaintzen dituela eta ez duela Frantziarenganik diru laguntzarik bildu. 15 eta 13 urteko haurrek eskolatze normala segitzen dute. Bainan alabarentzat kezkatua da Yorleny Suarez Agirre. Eguneroko bizi-liburua atxikitzen baitu alabak eta hortan behin baino gehiagotan idatzi baitu bere buruaz beste egiteko ideiak bazituela. Lurraldearen uzteko manuak ez duela haren egoera mentala hobetu erran digu eta ostiral honetan psikologo bat ere ikusiko du. Injustizia sentitzen duela afera horretan aitortu digu Yorleny Suarez Agirrek. Dio ez dela zuzena, egiazki 3 urte baita orain legezko eginbeharrak betetzen dituela, bizitegia lortu duela, lan kontratua, argindar eta ur fakturak erakutsi dituela. Dena egiten duela gehitzen du bere haurrak ongi eskolatuak izan daitezen, familiako ekonomia egoera segurtatzeko eta ama bezala presente izaiteko. Arrazoi humanitarioengatik erabakia berriz ikustea galdetu dio Cimadek prefeturari. Baina epeak laburrak direnez, hemengo diputatuen sostengua espero dute ama eta seme-alabak Baionan egonarazteko xedez.