Farmaziak berriz mobilizatuko dira buruilean

Pasa den ebiakoitzean hainbat farmazia hetsirik gelditu ziren, langileen kexuaren adierazteko. Gobernuaren neurri berri bat salatu dute farmazialariek, eta buruilaren 18an beste greba mugimendu bat aitzin ikusten dute.

Farmaziak berriz mobilizatuko dira buruilean
Kanboko Pharmacie des allées farmazia. EUSKAL IRRATIAK.
Antton Castoreo
2025/08/21 07:00

Agorrilaren 16an, zuen usaiako farmazia behar bada hetsirik atxeman duzue. Frantzian gaindi ainitz hala ziren, gobernuaren erabaki berriaren salatzeko: farmaziek ukaten zituzten prezio apaltze batzuen mugatzea.

Orain arte, farmaziek erremedio generiko bat 10€tan erosten bazuten laborategi batean, %40eko apaltzea zuten eta 6€ pagatzen zuten. Estatuak zuen diferentzia beregain hartzen. Buruilaren lehenetik goiti, prezio apaltzea %30etan mugatuko da eta 2027an, %20etan. 10€-ko erremedioa beraz, 8€tan ukanen dute farmaziek, 2€-ko deskarta galduz. Galtze haundiak izanen direla salatzen dute farmaziek, eta magasin batzuk hetsi beharko dutela.


Horrezgain, farmazialariek uste dute laborategiak beste bezero batzuer buruz itzuliko direla. Erran behar da Frantziako gobernuak nahi dituela erremedio generikoen prezioak berriz negoziatu laborategiekin, apaltze batzuen erdiesteko eta preseski farmazien galtzeen ttipitzeko. Baina farmazien ordezkarien ustez, laborategiek auzo herrialdeetan prezio hobeak atxemanen dituzte. Ondorioz, erremedio faltan gerta ditaizke Frantziako farmaziak.


Lehen mobilizazioa izan zen pasa den ebiakoitzekoa. Gobernuaren neurria buruilaren lehenean sartuko da indarrean baina gibel egiten ez badu, berriz mobilizatuko dira 18an.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu