Hozta (Ipar EH)

FDSEA sindikatuak Elikaduraren eta Laborantxaren Erakunde publikoa boikotatuko du

Urriaren 8an, FDSEA sindikatuak Hoztako etxalde baten bisita antolatu du Baionako suprefetarekin. Paradaz baliatu dira laborariak arrengura batzuen aipatzeko, horien artean Elikaduraren eta Laborantxaren Erakunde publikoaren proiektua.

FDSEA sindikatuak Elikaduraren eta Laborantxaren Erakunde publikoa boikotatuko du
Hoztan Bastien Lascoren etxaldean harrera egin dakote Baionako suprefetari. IRULEGIKO IRRATIA.
Antton Castoreo
2025/10/10 16:30

Elikaduraren eta Laborantxaren Erakunde publikoaren historia 2017an hasi zen. Euskal Herriko Laborantxa Ganbarak (EHLG) zuen tresna horren sortzeko galdea egin instituzio berri baten aitzinean: Euskal Hirigune Elkargoa. Urteak pasa ondotik eta galdea beti errepikatuz, iazko Lurraman berriz atera zen gaia. Kortsikako adibidea aipatzeko momentuan, Jean-René Etchegaray Elkargoko buruak argiki erran zuen proiektua gauzatzen ari zela Ipar Euskal Herrian. Aste honetan, Euskal Herriko Laborantxa Ganbararen buru den Beñat Molimosek gure mikroan adierazi du fitesko sortuko zela Elikaduraren eta Laborantxaren Erakunde publiko hori, elkarte gisa.


Erakunde berri bat FDSEA, JA eta Departamenduko laborantxa ganbara gabe


Beñat Molimosen hitz hartzearen biharamunean, FDSEA sindikatuak Baionako suprefeta Mathieu Duhamel errezebitu du Hoztan etxalde baten bisitaren egiteko. Estatuaren ordezkariaren aitzinean, hainbat kexu eta arrengura plazaratu dute. Eta horietariko bat izan da Elikaduraren eta Laborantxaren Erakunde publikoaren proiektua.


FDSEAko ordezkaria den Sébastien Uthurriaguek klarki aurkeztu du bere sindikatuaren ikuspegia: holako estruktura berriak ez luke zentzurik, departamenduko laborantxa ganbarak arlo horretan jadanik lan egiten baitu. Azpimarratu du Donapaleun ere antena bat bazela, eta bi orientazio biltzarre bazirela, bata Biarnoarendako, bestea Euskal Herriarendako. Sébastien Uthurriaguen erranetan, zilegitasun osoa du departamendu laborantxa ganbarak.


Badira legeak, bada kuadro bat. [...] Konpententziak laborantxa aldetik laborantxa ganbarak baditu. Herri Elkargoak zonbait hartzen ahal ditu baina laborantxa ganbarak hor dira et zerbaitendako hor dira.


Mathieu Duhamel Baionako suprefeta Hoztara gomitatu zuten FDSEAko ordezkariek. Gai horri buruz Estatuaren sustengua galdegin dute laborariek eta suprefetak argi utzi du laborantxari dagokionez, potere publikoen "solaskide legitimoa" departamenduko laborantxta ganbara zela. Lurralde kolektibitateek konpetentzia zonbaitzu hartzen ahal dituztela laborantxa mailan oroitarazi du, baina beti instituzio horrekin elkarlanean.


Eztabaidak aitzina segitzen du ondorioz. Galdera hau da orain: Estatuaren kontra borrokatu behar ote du Elikaduraren eta Laborantxaren Erakunde publiko berriak? Euskal Herriko Laborantxa Ganbara ere, hastapen batean elkarte gisa sortu zen eta bere legitimitatea auzibidez konfirmatu zuen. Oroitaraz dezagun momentu hartan, EHLGren abokata izan zela Jean-René Etchegaray, gaur egungo elkargoaren lehendakaria.


Beste arrengura frango FDSEArendako


Prefeta edo suprefeta aldatzen den aldi guziz, FDSEA sindikatuak bere kezkak eta kexuak adierazten ditu. Erakunde berriaren proiektuaz gain, sindikatuko ordezkariek beste gai anitz nahi izan dituzte aipatu.


PAC laguntzen aldetik, FDSEA beldur da aitzin ikusten diren apaltzeetaz. Erran behar da Europako hautetsiak hasi direla 2028-2034 denboraldiko diru laguntzen berrikusten. Lehen aitzin ikuspenen arabera, PAC laguntza %20 apalduko litzateke.


Harrapakerien gaia ere atera da trukaketa horietan, bai hartzaren eta otsoaren aipatzeko, baita saien atakak ere. Geroz eta gehiago direla aitzinatu du FDSEAk, baina indemnizazioak aldiz ez direla araberakoan. Atakak direnean, sindikatuak galdegiten du laborariek armekilan tiratzeko eskubidea ukan dezaten, kabalen defenditzeko.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu