Udazkenean Lekeitioko Zine Bileran, Hazparneko Zineginen eta Bilboko Zinebin aurkeztu ondotik, Fipadoc jaialdiak leku handia egin dio Akelarre, marearen kontra filmari. Taldearen ibilbidearekin batera, plazen eboluzioa erakusten duen dokumentala.
33 urte oholtzan, 16 disko eta 1.500 kontzertu baina gehiago: Akelarre musika talde mitikoaren bilana da, zenbakietan bederen. 1972 eta 2005 artean aritu zen erromeria taldearen historia kontatzen du Akelarre, marearen kontra dokumentalak, ordu eta erdian. Urrian estreinatu ondotik, Fipadocen izan zen atzo, eta Donapaleu, Donibane Lohizune eta Miarritzen ikusten ahal da gaur eta bihar.
Bideografik ekoiztetxe durangarreko Xabier Zabala eta Carlos Iglesiasek zuzendu dute lana, Akelarreko taldekideek egindako eskaerari erantzunez. Dokumentalak taldekide izandako anitz jarraitzen ditu haien egungo bizian, taldea desegin eta hogei urtera, eta horren bidez 1972 eta 2005 arteko anekdotak agertzen dira. Taldekideez gain, filmean leku handia dute urte horietan Akelarrerekin oholtzak partekatu zituzten bertze musikariek, baita kazetari eta adituek ere.
Mila bostehun kontzertu, eta milaka zale; taldearen istorioa kontatzeko zaleen ikuspegiak ere garrantzia duela uste du Xabier Zabala zuzendariak, eta hala Euskal Herri osoko zale batzuei ere lekua egiten die Akelarre, marearen kontra lanak. Han alabari Magali izena jarri zion aita bat, kantuak inspiraturik, hemen etxea Zure Ondoan deitu zuen bikotea, eta hor ikusitako kontzertu guztien zerrenda amaiezina altxor baten moduan zaintzen duena.
Gaur, asteartez, 19:30ean Donapaleuko Saint Louis zineman ikusten ahalko da Akelarre, marearen kontra filma. Lehenago, Patrice Dumora "Watson"en kontzertua izanen da, zortzi urtez Akelarreko kantari izan zenarena. Asteazkenean, 9:30ean Fipadocen ikusten ahalko da Gare du Midin, eta 20:30ean Donibane Lohizuneko Sélect zineman.