Oier Plaza zuzendari gernikarrak 2025. urteko dokumental onenetakoa aurkeztu du Miarritzen. Nazioartean saritua, naziek Txekian erail zituzten Espainiako gerlako soldadu errepublikar batzuen errautsen bilaketa du ardatz.
"Txekiarrek galdetzen ziguten zergatik ari garen memoria historikoa Franco hil eta 40 urtera egiten": ariketa zail bezain beharrezkoari heldu zion Oier Plazak duela lau bat urte, Anton Gandariasek deiturik Anjel Lekuona miliziano errepublikanoaren senideekin aurrenekoz Pragara joan zenean. Bi urte ziren orduan Unai Egia irakasle bilbotarrak kasik nahigabean alimaleko ikerketa hasi zuenetik. 2020ko udan, konfinamenduaren biharamunean eta Enric Marco deportatu faltsuaren istorioa ezagutu ondotik, Marcok nortasuna ebatsi zion egiazko deportatuaren bila hasi zen Egia. Hari horri tiraka, Enric Moner egiazko deportatua ez ezik, Txekian, Hradištkoko kontzentrazio esparruan gutienez bertze sei errepublikar erail zituztela deskubritu zuen Unai Egiak, Anjel Lekuona busturiarra tartean. Eta zortzigarren bat gutienez bizirik atera zela: Gregorio Uranga, deportaziotik bueltan Urruñan bizi izan zen errenteriarra.
RTVE Espainiako irrati-telebista publikoak banatzen duen urteko dokumental onenaren Días de Cine saria jaso zuen astearte arratsean Oier Plazak Popel filmagatik. Goiz berean aurkeztu zuen dokumentala Miarritzeko Fipadocen, Europa osoko jaialdietan urtebetera iristear den bidea egin ondotik. Europa osoko bidea jaialdietan, Europaren zati handi bat hunkitzen duen istorio batentzat, eta hiru herrialderen arteko koprodukzio batentzat.
Popel ikustean, tarteka, sinisteko zaila egiten da filma ez dela fikziozkoa. Istorio baten barruan bertze bat agertzen da etengabe, protagonista guztiak zein diren argi dirudienean, garrantzia neurtezineko pertsona berri bat agertzen da, historian marka harrigarria utzi duena. Busturiatik Kataluniara, Mallorkatik Txekiara, eta Urruñatik Andaluziara, naziek eraildako edo preso hartutako gudari errepublikarrekin hasi, eta erresistentzia aktiboa egin zuten funtzionario txekiarren berri jasotzen dugu. Unai Egiak 2020an hasi zuen ikerketa amateurrak, ausardia eta meriturik kendu gabe ikastola bateko arte irakaslea baita, hastapenean neurtu gabeko emaitzak izan zituen.
Jaialdien zikloa ixten ari diren honetan, zinemetan zabaldu nahi luke Popel Oier Plazak, streaming plataformetara iritsi aitzin. Anartean, Txekiako telebistak eta Artek telebistetako formatu laburrera egokitu dute dokumentala, 52 minutuko Pragako errausketa-labeko sekretuak Arteren webgunean ikus daiteke apirilera arte. Popel Fipadocen ikusgai da ostegunean, 13:45ean Bellevueko auditorioan.