Frantxoa Cousteau zendu zen ostiralean, "euskal kulturaren aldeko sustatzaile sutsua"

Antzerkilaria eta Euskal Kultur Erakundeko kontularia izan zen, bertzeak bertze.

Frantxoa Cousteau zendu zen ostiralean, "euskal kulturaren aldeko sustatzaile sutsua"
Frantxoa Cousteau 70 urterekin zendu zen ekainaren 19an. EKE
Ainize Madariaga
2026/06/22 09:40

Frantxoa Cousteau kultur eragilea zendu zen ostiralean, 70 urte zituela, eritasun luze eta dorpe baten eraginez. Domintxaindarra zen sortzez baina Etxarrin bizi zen azken urteetan.

Bere ekarpen nagusia Ipar Euskal Herriko eskola giristino elebidunetan euskara antzerkiaren bidez txertatzea izan zen, antzerkiaren eta euskararen transmisio lanean erreferentzia bilakatua zen, bera, ofizioz, diruzaina bazen ere. Antzerkilaria ere izandakoa da, Bordaxuri taldean, 1980ko hamarkadan, Txomin Hegirekin batean.
Bestalde, kantaria ere izan zen, besteak beste, Balerdi taldean aritu baitzen Maialen Estekandi, Txomin Hegi eta Karlos Jimenezekin batean.

Euskal Kultur Erakundeko diruzaina ere izana zen urte luzez, han ari ziren elkarlanean Pantxoa Etxegoienekin batean, geroztik, adiskide min bilakatuak ziren. Entzun dezagun:

Frantxoa Cousteau eta Pantxoa Etxegoin, EKEren biltzar batean. EUSKAL KULTUR ERAKUNDEA

Txomin Hegik hainbat eta hainbat urte partekatu ditu berarekin, Bordaxuri antzerki taldean. Basajauna, Tupina, Gure etxeko orgak eta idiak, Berantenaz seietan eta Lur ezpalak obrak eman zituzten besteak beste.

Kantugintzan ere aritu ziren elkarrekin: Txominen lagunak taldean eta gero Belardi hirukotean, karrikaratu zuten diskoa lekuko.

Txomin Hegik hala laburtu digu nolako kantaria eta laguna zen Frantxoa Cousteau:

EKEk sare sozialetan hedaturiko mezuan ere hitz ederrak izan ditu Cousteaurekiko: "Agur eta ohore, Frantxoa. Hire engaiamenduak eta pasioak inspiratzen segituko dute euskal kulturaren alde lanean ari diren guziak".

Interesgarri izanen zaizu