Lehen txertatze kanpainan gobernuak gastu guziak bere gain hartzen bazituen, aurten laguntza kostuen %40ra apaldu da. ELB sindikatuak salatzen duenez, sistema hau etxalde handiei laguntzeko pentsatua da.
2023an iragan zen ahateen lehen txertatze kanpaina. Ideia zen hegazti gripearen kontra borrokatzea eta eraginkorra izan dadin, Estatuak beregain hartu zituen kostu guziak, erran nahi baitu, txertoen erostea, garraiatzea, txertatzea eta ondotik heldu ziren marexalen gastuak.
Iaz, laguntza horiek ttipitu ziren eta azkenean aurten ere apaltzen dira. Urri honetan hasi den txertatze kanpinarendako, Estatuak gastuen %40 baizik ez du bere gain hartzen. Ondorioz, hazleek kostu gehigarri bat soportatu behar dute.
Eraginkorra den txerto bat
Estatuak laguntza geroz eta gutiago banatzen baditu, aldi berean iduri luke txertoa eraginkorra dela. Ahate saila ontsa joan da azken bi urteetan, eta hegazti gripearen makur handirik ez da izan. Julen Perez ELB sindikatuko ahate hazleak baieztatu digu bi urteak goxoak izan direla.
Iduri luke eta erran behar da txerto horrek gerizape batean sartzen duela hala ere Frantziako laboraria lumadun sailean, gripa urrun egoten baita. Orain badu hiru urte txertoa orokorki plantan ezarria dela Frantziako estatuan eta iduri luke hala ere, eta zientziak erakusten du hala ere, birusaren presioa ttipitzen duela eta denen onerako dela.
Momentu honetan, hegazti basa batzuk positibo atzeman dituzte Morbihan departamenduan baina hazkuntzetan ez da sartu eritasuna. Europako ekialdean aldiz egoera iluntzen ari da, preseski txertoa baliatzen ez duten erresuma batzuetan. Bulgarian, Polonian edo Errumanian azkarki hunkituak dira etxaldeak. Ondoko hilabeteetan, hemengo laborariek eta Estatuko zerbitzuek hegazti basen migrazioari kasu eman beharko dute.
Txertoen gainkostua nork du pagatuko?
Txeratzea martxan baldin bada, hazleek segitu beharko dute. Baina karioago da urtez urte, eta laborariek gainkostua pagatu beharko dute. Horrendako, ahate sailaren interprofesionalak nahi ditu salmenta prezioak berriz negoziatu erosleekin eta supermerkatuekin. Erran nahi du arrisku handia dela, bururatzean, kontsumitzaileek paga dezaten txertoaren gainkostua.
Kanpoko hazkuntza egiten dutenendako eta etxalde ttipiendako egokia ez den politika
Julen Perezek kanpoko hazkuntza eramaten du etxean, ahate kriaxera tokiko arrazarekin. Ahateak sortu orduko hartzen dituzte, hazten, bazkatzen etxean ekoizten dituzten zerealekin, gizentzen, hiltzen, transformatzen eta bururatzean saltzen. Julen Perezen arabera, sistema horretan hastetik bururaino ahatea etxaldean egoten da. Ondorioz, griparen barreiatzeko arrisku biziki guti liteke.
Alderantziz, sail luzean edo agro-industrial sailean, milaka ahate garraiatzen direlarik etxalde desberdinen artean, gripa errazkiago heda daiteke. Sanitarioki, Julen Perezek uste du arrisku ttipiago bat ordezkatzen dutela bere modeloko etxaldeek, sail luzean ari direnak baino. ELB sindikatuak salatzen du Estatuak laborantza mota nagusiarendako erantzun bat ekartzen duela, ahantziz beste etxalde batzuek dituzten berezitasunak.
Horrez gain, txertatze kanpainak kabala anitz dituztenendako pentsatuak direla dio ELBk. Gaur egun, ahateen txertatzeko flaskoak mila txertorendako balio dute. Baina etxalde batzuetan anitzez gutiago dituzte. Julen Perezen etxaldean adibidez, 280 ahate inguru atxikitzen dituzte. Beharko lituzke mila txerto erosi, jakinez gehiengoa ez duela baliatuko.
Txertoa gu ez gara kontra, baina balia dezagun behar orduan eta behar diren lekuetan.
Esperimentazioa: lehen urrats bat
Duela bi urte, Estatuak abiatu zuen kanpoko hazkuntzari buruzko esperimentazio lan bat. Ideia zen ikustea nola lan egiten zuten laborariek, eta zer eragin luketen lan molde horiek eritasunen garraiatzen. Pirinio Atlantikoetan dira esperimentazio horren barne diren etxalde gehienak, Julen Perezena barne.
Azaro hastapenean emanen dituzte lan horren emaitzak eta ondorioak. Julen Perezen ustez lehen urrats positibo bat da, zentzu batean Estatuak onartu baitu beste gisa batez kudeatzen ahal dela krisia. Lehen urrats bat bai, baina azarotik goiti beharko dituzte norabide berriak finkatu.