(Ipar EH)

Frantziako gobernuaren krisiak enpresen egoera ekonomikoa zailtzen du CCI ganbararen arabera

Oldarrik gabe segitzen badu Ipar Euskal Herriko ekonomiak, enpresek egoera zailari buru egin diote lehen urte erdian. Bainan Frantziako gobernuaren egonkortasun ezaren gatik zuhurki jokatu nahi du Baionako CCI Merkataritza eta Industria Ganbarak.

Frantziako gobernuaren krisiak enpresen egoera ekonomikoa zailtzen du CCI ganbararen arabera
Peio Etxeleku CCI-ko lehendakariordea, Marie-Anne Kozlowski Frantziako Bankuko ordezkaria eta André Garreta CCI-ko lehendakaria. CCI
Kriztof Arotzarena
2025/10/10 10:39

Ekonomia egoera hauskorra izanik ere, halako azkartasun bat erakusten dute Ipar Euskal Herriko enpresek. Ekonomiaren barometroa aurkeztu du Baionako CCI Merkataritza eta Industria ganbarak 2025eko lehen urte erdiari dagokionez. Zuhurtzia dela hitz nagusia azpimarratu dute. Erran gabe doa Frantziako gobernuaren egonkortasunik ezak ez dizkiela norabideak argitzen enpresei. Ondorioz bakarrik %17k inbestitzea aurreikusi du 2025eko bigarren urte erdiari begira.

Industria eta zerbitzuek hein batean segitu ahal izan badute, etxegintzak, turismoak eta komerzioek bereziki hurbilekoek seinale kezkagarriak erakutsi dituzte. André Garreta CCI-ko lehendakaria gogorki mintzatu da Frantziako gobernuaren aurka erranez: ''Frantzia enpresa bat balitz, bere ateak hetsi beharko lituzkela diru arazo larrien gatik erran dezakegu". Gidaririk ba ote den hegazkinean galdetu du ere Garretak, Frantziak norabidea eta egonkortasuna behar lituzkela gehitu du, beraz gauregungo egoeran, ondorio zuzenak pairatzen dituztela enpresek gaitzetsi du, inbertsioak ttipitzen direnean.

Hain zuzen ere enpresen %17-k bakarrik pentsatua du inbestitzea 2025eko azken urte erdiari begira erran nahi du ikuspenik gabe eta geroari buruz ez dela sobera arriskurik harten ahal dio Garretak. Egoera oraindik zailagoa aipatzen dute beraz ondoko asteetan.


Trumpek plantan ezarri aduana zerga jomugan


Europaren kontra ere mintzatu dira CCI-ko ordezkariak. Donald Trump Estatu Batuetako lehendakaria zoingehiagoka ari dela musean bezala aduana zergekin salatu dute. %30-eko heina iragarri zuen lehenik gero %15-era apaltzeko eta horrekin poztu direla europar buruzagiak.

Hala ere Peio Etxeleku Agour gasnategiko zuzendariak eta CCI-ko lehendakariordeak zion ardi gasnari dagokionez ez zela ordura arte zergarik. Beraz %0-tik %15-era goititzeak ondorio txarrak eragin dituela ardi gasnaren salmentetan Estatu Batuetako merkatuan. Eta Europa uzkur gelditu dela Trumpen xantaiari buru egiteko orduan ohartarazi du Etxelekuk. Dio Estatu Batuei erantzuteko manera balitzatekela GAFAM amerikar enpresei zerga trabak jarriz ere bai Europatik.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu