Hendaia (Ipar EH)

Frantziako mugako poliziek etorkinen atxikialdiak luzatzen ari dira, ilegalki

Mediaparten arabera, Frantziako poliziek atxiloketak luzatzen dituzte itzultzailerik ez daela argudiatuta, nahiz eta 2024tik baliabide telematikoak izan. Gobernuak Bidasoko mugan kontrolak areagotu ditu, eta Hendaian Certim zentro berria ireki dute.

Frantziako mugako poliziek etorkinen atxikialdiak luzatzen ari dira, ilegalki
Hendaian ireki dute Certim, migrazioari buruzko inteligentzia biltzen duen agentzia berria. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/07/28 16:37

Médiapart atari digitalaren ikerketa batek erakutsi duenez, Sipaf mugako polizien zuzendariaren aginduz atxikialdiak ahalik eta gehien luzatzen dituzte azken asteetan mugetako agenteek. Urte hastapenetik Bidasoko mugan indar handia ematen ari da Frantziar gobernua, "legez kanpoko migrazioaren aurkako borrokan".

Frantziako ikerketa administratibo baten arabera, azken hilabetean hainbat etorkin atxiki dituzte Frantziako poliziek mugako komisaldegian, atxilotu gisa izendatu gabe eta haien eskubideak jakinarazi gabe. Legeak dio poliziak nortasun- eta egonaldirako baimen-kontrolak egin ditzakeela, baina kasu askotan itzultzaile baten beharra dago. Mediapartek zabaldu duenez, mugako poliziaren buruak bere agenteei gomendatu die atxikitzeak luzatzeko, itzultzailerik ez balego. Hala ere, 2024an Estatu Kontseiluak gogorarazi zuen itzultzaileak telematikoki erabil daitezkeela. Baionako fiskaltzak eta Pirinio Atlantikoetako prefekturak gertatutakoa onartu dute, eta "migrazio klandestinoaren aurkako borrokan egin beharrekoak" direla erantzun dute. Baina legez, eskubideen jakinarazpena gehienez ordubetean egin behar da, eta atxikialdi luze horiek ez dira arauzkoak.

Testuinguru horretan, Frantziako Barne Ministerioak "Force Frontière" dispositiboa ezarri du mugan, eta Bruno Retailleauk "zorroztasuna" eskatu du. Bestalde, Hendaian ireki dute Certim, migrazioari buruzko inteligentzia biltzen duen agentzia berria. Baionako suprefeta eta prokuradore berriak Gérald Darmanin eta Bruno Retailleauren hurbilekoak dira, Frantziako eskuin autoritarioaren ordezkari nagusiak. Azken hilabeteetan, bi ministroek Ipar Euskal Herrian jarri dute fokua, eta migratzaileen aurkako neurriek erakusten dute borroka horretan jarraitzeko asmo argia dutela.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu