Gabriel Martiren paleta pilota tresnaren asmatzailea omenduko dute buruilaren 28an Bankan. 1866an sortu zen Bankan, eta Argentinan zelarik XX. mende hastapenean zuen asmatu paletona edo palantxa.
1866an sortu zen Bankan Gabriel Martiren, geroztik desagertu den etxe batean, gaur egungo Goikoetxea arraintegitik hurbil. Eta aski fite Ameriketara joan zen, 20 urterekilan jadanik Argentinan baitzen. Han zuen bizia egin, eta paleta tresna famatua asmatu.
Pilotaria omen zen Gabriel Martiren, eta "sardina" zuen izengoitia. 1905ean lehen aldikotz, behi baten espalda hezur batekin hasi zen pilotan hartzen: espaniolez paleta edo paletón. Hezurrarekin hasi eta pixkanaka hobetu zuen tresna, zurarekin. Beste batzuk ondotik paleta tresna hobetu baldin bazuten, Argentinarrendako Gabriel Martiren egoten da asmatzailea.
Bankan ezezaguna
Gabriel Martirenen ondorengo bat da Diego Petrelli Argentinarra. Iaz, Cuarteto Karê bere taldearekin kantatzera etorri zen Euskal Herrira, eta paradaz baliatu zen Bankara bere arbasoaren sorterrira joateko. Baina harritu zen ikustean Gabriel Martirenen aztarnarik ez zela, jakinez Argentinan museoetan bere tokia duela. Bisita horren ondotik Aldudarrak elkartea berriz harremanetan sartu zen Diego Petrellirekin. Azkenean, omenaldi baten antolatzea erabaki zuten Bankako herriko etxearekin, Zaharrer Segi pilota batasunarekin eta Euskal Herriko Pilota Batzordearekin.
Cuarteto Karê taldea. Diego Petrelli, Gianni Iazzetta, Mauricio Cuesta eta Julián Cerdán. CUARTETO KARÊ.
Omenaldi berezia Bankan
Buruilaren 28an igandearekin, Gabriel Martiren omenduko dute Bankan, Diego Petrelli bere ondorengoarekin. 11 ontan hasiko da ekitaldi ofiziala pilota plazan. Ondotik, eguerdiak irian Diego Petrelli-k eta Cuarteto Karê bere taldeak kantatuko dute elizan, eta bururatzeko kantu baxkaria izanen da Erregina ostatuan.