Aurten ere Donibane Garaziko Herriko Etxeak karrikan antolatzea debekatu nahi izan die, segurtasun eta trabengatik. Eszenarik gabe aritzeko engaiatu direnez auzapezak bi asterako baimena eman die. Gazteek behin behineko akordio hori salatu dute.
5. edizioa izanen da aurtengoa. Uda osoan, ostegun guziz, Garaziko Gaztetxeak ekitaldiak eta kontzertuak proposatuko ditu bere atearen aitzinean, Zitadelako karrikan. Baina aurten ere, iaz bezala, Herriko Etxea ekitaldiaren kontra jarri zen. Loturak festibaleko kontzertuak debekatu ondotik, Ostegunak ere debekatu nahi izan zituen auzapezak. Elkartu eta negoziatu ondotik, auzapezak lehen bi ostegunerako baimena eman du, hitzorduak eszenarik gabe antolatzeko Zitadelako karrikan. Eszena ezarri behar balute, orduan Elizako karrikan plantatuko lirateke gazteak. Azken horien arabera, taldea mehatxupean atxikitzeko molde bat litzateke behin behineko engaiamendu hori.
Donibane Garaziko auzapeza Laurent Inchauspek jakinarazi digu lehen baimen hori konponbide ontzat jo duela. Bere ikuspundutik behin behineko baimen hori dena ontsa pasatzen denetz ikusteko manera bat baizik ez litzateke. Izan ere, bere erranetan segurtasun arazoak eta auzoen trabak saihesteko asmotan ibiltzen dira Herriko Etxea. Alta, Gaztetxeko kideen arabera, haien ekitaldiak kanpoan, Zitadelako karrikan, eta bide erdian antolatzeak auzapezak hartzen dituen erabakien ondorioa da.
Lokal berri baten beha karrikatik joaiten ahal izaiteko
Garaziko gaztetxera jadanik joan baldin bazizte, gazteek salatzen duten gunearen hertsitasuna errexki irudikatuko duzue. Izan ere, badira urteak gazteek lokal handiago bat galdegiten diotela Herriko Etxeari, gaurkoan ekitaldirik ezin antolatzean gertatzen baitira maiz. Hori dela eta, jendetsuak diren Udako Ostegunak bezalako hitzorduak plantatzeko momentuan, kanpoan antolatzea heldu zaie aterabide errexena.
Alabaina, auzapezak ez du sekulan gaztetxeko kideen eskaera onartu. Herriak beste gune edo lokal hutsik ez luke, eta gaztetxea ez litzateke bakarra lokal berri baten beha. Anartean, gomitatzen ditu, gaztetxea zein herriko elkarte guziak, haien ekitaldiak merkatu estalian antolatzera.
Zitadelako karrika garaztarrei itzultzea
Herriko Etxearen beste estrategia bat ere korapilo konplexu horri lotzen diote Gaztetxeko kideek. Gaur egun, herritar gutti dira karrika hertsi horretan egiazki bizitzen direnak. Urtez urte, bere edertasuna eta itxura autentikoari esker geroz eta turista gehiago, bigarren etxebizitzako jabe gehiago, edota beilari gehiago hurbildu dira horretara. Hain aldatu da karrika ttipiko giroa, non gaur egun turistendako eraikia dela salatzen duten Gaztetxeko kideek. Haien erranetan, Zitadelako karrika herritarrei berriz zuzentzeko asmoa dute besteak beste, Udako Ostegunak ekitaldiaren bidez.