Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

Garaziko desbideraketa: herriko etxe ezberdinetan hautatutako 6 proposamenak ikusgai

Apirilaren 7tik ekainaren 7a arte, Donibane Garaziko, Uharte Garaziko, Izpurako, Donazaharreko eta Azkarateko herriko etxeetan desbideraketaren 6 proposamenak ikusten ahal dira eta haier buruzko iritzia ere eman daiteke galdetegi baten bitartez.

Garaziko desbideraketa: herriko etxe ezberdinetan hautatutako 6 proposamenak ikusgai
Akitainiako departamenduko kontseilariak Donibane Garaziko Herriko etxera hurbildu dira ostegunean debideraketa proposamenak esplikatzeko.
Kattalin Harispuru Diribarne
2025/04/11 12:08

Azkenean, garaziko desbideraketa proiektuko bide proposamenak herritarrek ikusten ahal dituzte. Martxoaren 20an, Izpuran iragan zen bilkura publikoan, desbideraketa proposamen ezberdinen ikusteko esperantzarekin, 300 bat garaztar hurbildu ziren. Mapa batean agertzen ziren 10 bide proposamenetatik, 5 hautatu dira. Eta sei garren proposamena desbideraketarik ez egitea litaike. Orain, garaztarrek, 6 proposamen horien ikusteko parada dute Herriko etxe ezberdinetan.

6 proposamen horietarik bat, biderik ez egitea da. Beste 5 proposamenak, bost irizpidetan ebaluatuak dira izar batzuen bitartez. Trafiko baldintzaz, seguritateaz, zerbitzu mailaz, ingurumen kalteetaz eta kostuaz. Desbideraketa proposamen guzietan ingurumen kalteak eta kostu irizpideek izar guti zituzten, baina obren kostuen eta eragiten ahalko lituzketen zenbakirik ez zen.

Ostegunean, Akitania departamenduko kontseilariak Donibane Garaziko herriko etxean ziren goizean eta arratsaldean Izpurakoan herritarren kezkei eta ez ulertzeei erantzuteko helburuarekin. Herriko etxeetan galdetegi andana utzi dituzte, hautu bakoitzari buruzko iritzia eman dezaten.


Desbideraketa behar dea ala ez?

Galdetegian, desbideraketa proiektua bera zalantzan ezartzeko aukera bada. Hots, ez da soilik proposatutako 5 bide horiei buruzko iritzia eman behar. Galdetegian atzeman daitezkeen galderetan, Garazi zeharkatzeko oztoporik baden zalantzan ezar daiteke. Baina kondutan hartu behar da, Garazi zeharkatzen duen bide bakarra, obren ondorioz, hertsitu izan dela.

Akitaniako departamenduko kontseilariek, herritarrak gonbidatzen dituzte galdetegi horren betetzera. Galdetegiaren betetzeko, edo herriko etxeetara hurbil daitezke edo www.le64.fr web-gunera joanez.

Bestalde, jakin Akitainiako departamenduko kontseilariak berri etortzekoak direla, galderarik pausatu nahi bada:

  • Donibane Garazin: Apirilaren 25an (14ak -17ak) eta maiatzaren 6an (17ak - 20ak)

  • Izpuran: Maiatzaren 6an (13:30tik -16:30ra) eta ekainaren 2an (17ak - 20ak)

  • Uharte Garazin: Apirilaren 14an (14ak - 17ak), maiatzaren 19an (13:30 - 16:30) eta ekainaren 2an (17ak - 20ak)

  • Azkaraten: Apirilaren 14an (9ak - 12ak), maiatzaren 14an (14ak -17ak) eta ekainaren 2an (13:30 - 16:30)

  • Donazaharren: Apirilaren 25an (9ak - 12ak) eta maiatzaren 14an (9ak - 12ak)

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu