Lehen emaitza batzu komunikatu ditu departamenduak, eta buruila hundarrean jakiten ahalko da xuxen zonbat pertsona zoin ibilbideren alde edo kontra posizionatu diren.
Denak ados dira desbideraketaren egiteko, baina nehor ez da ados finkatzeko nundik pasatuko den xuxen! Sorpresa haundirik gabe, hala zer ateratzen den departamenduak egin duen inkesta publikotik. Apirilaren 7a eta ekainaren 7a artean, Garazi eskualdeko 400 bat herritarrek horien iritzia eman dute. %75ek baieztatzen du ibiltzeko zailtasunak dituela, eta desbideraketaren beharra azpimarratu du. Gehiengoa proiektuaren alde da beraz, baina departamenduaren arabera ez du ibilbide proposamen batek gehiengo argia erdiesten. 5 posibilitate desberdin aurkeztuak izan ziren, Izpuratik edo Donibane Garazitik.
Orain beraz, hautetsiak gidaritza batzordean bilduko dira buruilaren 19an, inkestaren bilanaren aztertzeko eta segidaren aipatzeko. Emaitza argirik gabe, zaila da aitzinikustea xuxen zer pizu ukanen duen inkesta publiko horrek.
Urte luze batzuen lana.
Inkesta publikoa hasi baino lehen, aurkezpenen denboran jadanik mintzatu ginen hautetsiekin. Argi utzi zuten oraindik urte luze batzuen lana izanen zela, eta beste konsulta batzu eginen zirela. Azpimarratu zuten ere herri guzien adosmena erdietsi nahi zutela. Herritarren aldetik, iduri luke adosmena ez dela oraindik lortua. Jakin lehen inkesta publiko horren emaitza xuxenak ikusten ahalko direla departamenduaren webgunean buruilaren 26tik goiti.