Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

Esku Pilotak antolaturiko Garaziko lehen Mastersean Plekariko talde bat ere lehiatuko da

Agorrilaren 10, 13, 15 eta 17an izanen dira binakako pilota partidak, Garatenea trinketean. Esku Pilota elkarte historikoak antolatzen du Mastersa, baina Plekariko talde bat lehiatuko da. Gazteen lehiaketa ere izanen da.

Esku Pilotak antolaturiko Garaziko lehen Mastersean Plekariko talde bat ere lehiatuko da
Garatenea trinketean iraganen da Garaziko lehen Masters lehiaketa. EUSKAL IRRATIAK.
Nahia Etxeberri Lopepe
2026/08/06 12:08

Lau talde lehiatuko dira Garaziko lehen pilota Mastersetan. Agorrilaren 10ean final laurdenak jokatuko dira, Julen Mariluz eta Andoni Larre Peio Larretxea eta Inhar Ugarteren kontra. Final erdiei doakienez, ostegunean Eneko Maiz eta Luis Sanchez Mathieu Ospital eta Andoni Iparren kontra ariko dira, eta larunbatean, final laurdeneko irabazleak Iker Espinal eta Peio Gixanduten kontra lehiatuko dira. Finala agorrilaren 17an izanen da, ondoko astelehenean. Orotara 21 000 euroko aurrekontua du Eskupilota elkarteak.

Pilota partiden datak Garaziko besta komitearekin elkarlanean finkatu dira, besten egitarauan sar daitezen. Hala nola, finalaren egunean mus txapelketa izanen da Garatenearen ondoko ostatuan, bi aktibitateetako publikoa elkartzeko.

Integrazioa

Jean Noël Landabure elkarteko lehendakariak eta Serge Maite Esku Pilotako kirol batzordeko zuzendariak argi dute Mastersak integrazio eremu bat direla. Horren haritik, pilotari gazteagoen lehiaketa izanen da final erdien eta finalaren aitzineko orenetan.

Bestalde, Garaziko Mastersetan Plekari elkarteko talde bat ere ariko da (Mathieu Ospital eta Andoni Ipar). Lehen aldiz lehiatuko dira bi elkarteak bat bestearen kontra. Esku Pilotako arduradunek adierazi dute Plekarirekin elkarrizketa atxikitzen dutela, eta beren helburua lehia sano batera heltzea dela, publikoak pilotari hoberenak ikusi nahi baititu.

Interesgarri izanen zaizu