Kandelak eskutan, eta mozorroak soinean gau beltza argitu eta girotu zuten ostiral arratsean berrehun bat lagunek Hendaia erdialdean.
Herriko etxeak hainbat elkarteren laguntzarekin antolaturiko Gau Beltzaren karietara, musika eta dantza desfile batek karrikak hartu zituen, euskal arimen gauaren tradizioa berreskuratuz. Hendaian bi urte dira Herriko Etxeak Gau Beltza antolatzen duela. Azken bi hamarkadatan bereziki, Estatu Batuetatik etorritako Halloween besta nabarmendu da Euskal Herrian, baina omiasaindu bezpera ospatzeko gure modua izanik, ohitura zaharra berreskuratuz herritarrak biltzeko parada da Hendaiako herriko etxearentzat.
Ordubeteko desfilea egin zuten Hendaian, hainbat pertsonaia mitologikorekin. Nahasketa nabarmena zen, arimak baitziren desfile buruan, dozenaka dantzari bisaiak tapaturik, baina baita haur andana mozorro komertzialagoekin ere. Oier Araolaza antropologoaren iritziz, beharrezkoa zen Euskal Herrian Halloweeni erantzun bat ematea.
Lapurdin Hendaiaz gain Azkainen, Urruñan, Kanbon edo Baionan antolatu zen Gau Beltza ortziralean. Lapurditik harago baina, Maulen ere izan zen ospakizunik, eta Hego Euskal Herrian Taupa euskaltzaleen mugimenduak herriz herri arimen gau euskalduna antolatzeko sustapen lana egiten du. Ez baita tradizio kontu hutsa, hizkuntzak ere garrantzia hartzen du ospakizunetik ospakizunera, Oier Araolazak azaltzen duenez, euskarazko eske esaldiak berreskuratzea ere baitakar Gau Beltza ospatzeak.
Hendaiako parte hartzaileek ere begi onez ikusten dute gau beltza bertako usadioei jarraiki egitea, horren lekuko, urtez urte herritar gehiago batzen direla erdiguneko ospakizunean, eta gutxiago auzoetan Halloween haien kasa egiten. Akelarre dantza taldeko Maiarentzat, positiboa da.