‘Gaua’ filmarekin euskal mitologia eta Inkisizioaren memoria uztartu ditu Paul Urkijok

Azaroaren 14an estreinatu da Hego Euskal Herrian Urkijoren hirugarren film luzea. XVII. Mendeko Xaretan kokatua, zapalkuntzak eta ahalduntzeak kontatzen ditu “egun ere baliagarria” den filmak.

‘Gaua’ filmarekin euskal mitologia eta Inkisizioaren memoria uztartu ditu Paul Urkijok
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko zinemaren astean egin zuten 'Gaua' filmaren Euskal Herriko estreinaldia. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2025/11/14 10:01

Irati filmarekin publikoa harritu eta sari andana bildu eta hiru urtera, euskarazko fantasia dakar berriz Paul Urkijo Alijok pantaila handietara. Sorgin ehiza garaian murgiltzen du ikuslea filmak, “Eguna egunekoentzat, Gaua Gauekoentzat” leloa errepikatuz.

Yune Nogueiras aktoreak antzezten duen Kattalin da protagonista, neska gazte ezkonberria. Senar bortitzaren garretatik eskapatzeak gaueko bizitza deskubritzera darama, eta hiru emakume ezagutuko ditu hala; sorginak, omen. Graxiana, Beltra eta Remek bizia eta egoera bertze modu batez ikusteko aukera emanen diote Kattalini: elizaren nagusitasuna, haren lagun Maritxuren osasun egoera konplikatua, baita bere ezkontza eta emazte gisa bizi duen bortizkeria ere.
Yune Nogueiras, Elena Irureta, Ane Gabarain eta Iñake Irastorza, Gaua filmeko fotograma batean. DAVID HERRANZ

Ez dira hamarkada anitz sorginkeriari buruzko historia zalantzan jartzen hasi zenetik. Azken aldian baina, ez dira guti kulturan mitologia eta errealitate historikoa uztartuz mitoak zabaltzen dabiltzanak. Paul Urkijok azaldu duenez, nazioartean halako adibide andana dira, eta mendeak behar izaten dira herri batek bere mitoak onartu eta aldarrikatzeko. Lan horretan kokatu du bere burua zuzendariak, filmaren bukaeran kartoi batean ageri den esaldiak argitzen duen moduan: “Geure egingo ditugu gu makurrarazteko sortu zenituzten munstroak eta gezurrak. Elikatu egingo ditugu, hazi egingo dira, eta zuen kontra bihurtuko ditugu”.

Arte zuzendaritzan, jantzitegian, makillajean, efektu bisualetan eta ordenagailu bidez sorturiko iruditerian alimaleko lana duen filma da Gaua. Urkijok azaldu duenez, zuzendari gisa filmaren etapa gehienetan presente bada ere, lan-taldea ezinbertzekoa du Gauaren moduko filma batek dituen erronkak burutzeko. Bertzeak bertze, filma ixten duen sekuentzia plano baterako, 130 zuhaitzekin baso artifizial bat sortu zuten grabaketa plato batean.

Filmak duela lau mendeko istorioak erakusten baditu ere, gaur egun oihartzun handia duela dio zuzendariak, faxismoa eta ideologia zapaltzaileak arrakastatsuak diren garaiotan. Azaroaren 14an estreinatu da filma Hego Euskal Herrian; Ipar Euskal Herriko banaketa lotzen ari direla azaldu digu Paul Urkijok.

Interesgarri izanen zaizu